kritika. Donostiako 55. Jazzaldia

Zapparekin hasi eta Camaronekin amaitu

2020ko uztailaren 26a
00:00
Entzun

Perico Sambeat Plays Zappa / Benavent, Di Geraldo, Pardo

Lekua: Donostiako Trinitate plaza. Eguna: uztailaren 24a.

Frank Zappa (AEB, 1945-1993) mitikoaren doinuekin hasi da gaurko saioa. Zappa musikari eta pertsona interesgarri bezain konplexua dugu; nortasun handikoa, imitatzen errazak ez diren horietakoa. Orkestra edo bandarentzat egin zituen moldaketak oso bereziak dira, egitura ero eta aldakorrez osatuak. Donostian 1984an ikusi genuen, Polikiroldegian. Etenik gabeko kontzertu bikain hartan, ia bi orduz jarraian jo zuten Zappak eta bere musikariek. Bada, oraingoan taula gainean dauden zortzi musikariek lortu dute Zapparen berezitasun hori harrapatzea.

Perico Sambeat musikari valentziarrak apaltasun handiarekin lortu du erraza ez den hori: Zapparen musika berpiztea, eta, musika eta filosofiaerrespetatuz, Zapparen musika taula gainean berritzea. Bikain, jaunak, nostalgiko guztiok pozik utzi gaituzue. Ezin dugu esan The Mother of the Invention berpiztu duzuenik, baina hala izango balitz bezala gozatu dugu.

Tentagarria izango zen Zapparen kantak norbaitek abestea, baina tentazio horretan ez erortzea asmatzea izan dela deritzot. Ivan Cebrian gaztea ederki ibili da gitarrekin. Teklatuetan, Santi Navalon gogoz ikusi dugu. Tronboian, Toni Belenguer bikain. Voro Garcia zoragarri tronpetarekin, eta, saxo tenorrean, Vercher jauna kementsu. Sambeat maisua dela ikusi dugu, bai saxo altuarekin, baita banda eta proiektua aurrera eramaten ere.

Haizezko tresnek hain arrunta ez den ahots efektuak erabili dituzte, eta horrek originaltasuna eta ukitu berezia ematen zion asmoari. Undergrounden errepublikako erregeak merezi zuen moduko kontzertua izan dugu.

Hirukote zoragarria

Carles Benavent (baxu elektrikoa), Tino di Geraldo (bateria) eta Jorge Pardo (saxoak, txirula). Jazza eta flamenkoa uztartzen dituzten hiru musikari baino gehiago da hirukote zoragarri hau. Jazza hor dago, bai; baita flamenkoa ere. Flamenkoa aldarrikatzen dute une oro, baina jazz rocka ere hor dago, edota jazz europarra, eta beste estiloek edo etiketek ere lekua dute musikari hauen sormenean. Jorge Pardo madrildarrak goratu du flamenkoa; berak ez du flamenkoa jotzen, flamenkoa abesten du bere txirularekin eta saxoarekin. Hasieran, buleria batzuk izan ditugu, segidillak jarraian, eta gero... Musika, beti musika ederra eta zoragarria. Trebetasun handia du Pardo Jaunak, koloreak zertzeladaz botatzen ditu. Aparta da musika etnikoaren lurrinak duen doinu magikoa zabaltzen.

Carles Benaventek baxuarekin egiten duena, berriz, soilik maisu handiek egin dezakete. Teknika berri bat garatu du baxua jotzeko —bost hariko baxua jotzen du—, eta, oso arrunta ez dena egiten du: baxuaren lineaz gain, solo melodikoak egiten ditu, eta akordeak, eta abar... Askatasunean mugitzen da, eta gutxik lortzen duena lortzen du bere tresnarekin. Musikari gisa ibilbide oparoa du kataluniarrak, jazzean, rockean, eta, azken urteetan, flamenko jazzean.

Tino di Geraldo, berriz, asturiar jatorriko frantsesa dugu, Okzitaniako Tolosan hazia. Rock taldeetan hasi bazen ere, flamenkoan eman du ibilbide nagusia azken urteetan. Bateria jotzaile aparta da: soloak ere flamenkoa abestuko balu bezala jo ditu.

Zein baino zein hobeto aritu dira hiru maisuak. Eta, azkenean, Camaron handia Donostiara ekartzea lortu dute. Bikain!

Gau zoragarria, gaurkoa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.