Donostiako 71. Zinemaldia. KRITIKA. Zinemira

Zifren atzeko pertsonak

Uxue Arzelus Lasa.
2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun

'Bidasoa 2018-2023'

Zuzendaria: Fermin Muguruza. Herrialdea: Euskal Herria.Iraupena: 71 minutu.

Gobernu frantsesak Espainiar estatuaren eta Frantziar estatuaren arteko mugetan egindako kontrolak indartu zituen 2018an. Europara bidean zeuden migratzaile ugariren legez kanpoko itzulerak ekarri zituen horrek. Azken aukera gisa, pertsona horietako asko Bidasoa ibaia zeharkatzen saiatzen dira, eta hainbatek bizia galdu dute bertan.

Fermin Muguruza Black is Beltza II: Ainhoa-ren sortze prozesuan murgildurik zegoen 2018an. Bere jaioterrian migratzaileekin gertatzen ari zena inpotentziaz bizi izan zuen, eta esku artean zuen filma amaitzean zerbait egin behar zuela erabaki zuen. Bidasoa 2018-2023 dokumentalean lanean aritu da harrezkero, muga zeharkatzen saiatzen diren pertsona horien guztien egoera azaltzeko.

Muguruzaren filmak hainbat protagonista ditu: badira Harrera Sarea eta Bidasoa Etorkinekin taldeekin lan egiten duten ekintzaileak, guraso migratzaileak dituzten gazteak, muga zeharkatzen saiatu eta lortzen ez zutenean Irunen gelditzea erabaki zutenak. Eta badira Bidasoan hil ziren pertsonak ere. Izen-abizenak dituzten pertsonak dira, familia dutenak, ametsak dituztenak. Denen artean eraikitzen dute azken urteetan Bidasoa inguruan gertatzen ari dena. Zenbaitetan, protagonista hauen arteko loturak apur bat traketsak dira, eta kreatibotasunerako saiakeran pasarte batzuek nahiko artifizialak dirudite; baina Bidasoa 2018-2023 filmak zifren atzean pertsonak daudela erakusten du, eta zenbaki hutsek, anonimotasun horrek ematen duen erosotasuna haustera dator.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.