Donostiako 74. Musika Hamabostaldia. Kritika. Antzinako musika zikloa

Zurekin paradisura

Arkaitz Mendoza.
2013ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Santa Maria kapera

Kontratenorra: Carlos Mena.

Organista: Carlos Garcia-Bernalt.

Lekua: Donostiako Santa Teresa komentua. Eguna: abuztuaren 7a.

Betidanik emozioz beterik hunkitzen nauen ahotsa da Carlos Mena kontratenorrarena. Orduak pasako nituzke bere hots jarioa xurgatzen. Larruazaletik bihotzeraino biderik laburrena aukeratzen du gasteiztarrak, edonoren sentipenak birjaio ditzakeen ahotsik gozoena izan arte. Umiltasun eta langile azaltzen da Mena, ziur bere egitekoan eta ameslari entzuleari eskaini behar dion elikagai gustagarrian. Aho zabalik entzun nituen Henry Purcell britainiarraren ereserkiak. Heldutasun paregabe eta sekulako ahots osasun bikainean dabil Mena, musikaren edozein esalditxo komentuko azken eserlekuraino gidatu eta berriz ere bereganatzeko sorginkeria burutzeko ahalmenean.

Ostinato hitza zelula erritmiko bat denboran behin eta berriro errepikatzean datza, bitartean melodia aske anitz suertatu daitezkeela frogatuz. Horretan oinarritu zen Carlos Garcia-Bernalt organistaren egitekoa errezitaldiko bigarren atalean, nekagarri izaterainoko erritmo berdintsuak eta nota errepikakorrak mamituz. Hasierako Purcellen Here, let my life edota Evening Hymn txatalak zerutiar entzun ziren arren, ostinato-ari egindako omenaldia luze samar sentitu zen. Egitarau planteamenduko arazo txikia izan zen, musikalki interes handiko obrak mahaigaineratu zituztelako. Giovanni Felice Sances italiarraren Stabat mater dolorosa bereziki edertu zuen Santa Maria Kapera bikoteak, hitzen arteko musika loturak gartsu josiz. Garcia-Bernalten laguntza eskertzekoa izan zen, beti erne, zuhur, sostengu leial. Errezitaldia aurrera zihoan heinean, Mena geroz eta askeago, hegalari, suntsigarri. Entzuleria sorgintzeko proposamena aski gailendu zuen, bat baino gehiago aho zabalik uzteraino. Guztiz sorgindu nauzu, zurekin paradisura!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.