Donostia 2016

Kritikei garrantzia kendu eta herritarren parte hartzea nabarmendu du Goiak

Barkamena eskatu du Gascok, inaugurazioa "egokia" izan ez delakoan. [youtube]https://youtu.be/6ZS8w7ll-90[/youtube]

2016ko urtarrilaren 24a
08:03
Entzun

Hainbat astez iragarritako kultur hiriburutzaren inaugurazioak kritika ugari jaso ditu azken orduotan. "Hotza", hori da herritarrek gehien erabilitako hitza larunbateko ekitaldia deskribatzeko garaian. Eta kritika horiek heldu dira agintariengana ere; inaugurazioa agian ez zela "egokia" izan iritzita, barkamena eskatu zuen larunbatean bertan Ernesto Gasco alkateordeak, bere Twiterreko kontuan.

Oso bestelakoa izan da Eneko Goia alkateak egindako balorazioa. Hark ekitaldi ofizialean "hainbat akats" izan zirela aitortu eta inaugurazioa denen gustukoa izatea "ezinezkoa" dela onartu duen arren, hiriburutzaren hasiera "arrakastatsua" izan dela nabarmendu du, eta eskerrak eman dizkie herritarrei euren parte hartzeagatik. 

Goiaren iritziz, argi geratu da "elkartasunaren zubia" ez dela izan jendeak espero zuena, "baina horrek ez du ilundu behar ekitaldi arrakastatsuz beteriko astea izan dena". 

Goiarekin bat etorri da Donostia 2016ko zuzendari Pablo Berastegi ere, eta herritarren parte hartzea eskertu du Donostiako Aquariumean eginiko agerraldian. "Ez da erraza jendeari azaltzea zein den guk egindako apustua. Inaugurazioa ondo joan den arren, normala da denen gustukoa ez izatea".

"Etsigarria"

Herritarren artean ez ezik, ordea, agintarien artean ere oso ikuspuntu desberdinak daude atzoko ekitaldiaz. Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuaren iritziz, "etsigarria" izan zen inaugurazio ofiziala. "Horretara bideratu da inauguraziorako gordetako aurrekontuaren erdia baino gehiago, eta elkarbizitzaren kultura adieraztea zen haren helburua. Baina niri ez zitzaidan mezua iritsi; hotz geratu nintzen ekitaldia amaitu zenean". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.