Azken urteetan handitu egin da Espainiako musika sortzaileen egile eskubideak kudeatzeaz arduratzen den SGAE erakundearen inguruko errezeloa. Gero eta oihartzun handiagoa izan dute haren aurkako kritikek, eta gero eta gehiago izan dira haren politiken aurrean planto egitea erabaki duten sortzaile, Interneteko erabiltzaile eta egile eskubideak kudeatzen dituzten beste erakundeak. Gardentasun falta eta nagusikeria kritikatu dizkiote, baita gizatasun falta ere.
Erakundeak ez du prentsa onegirik izan, egia da, baina gizarteak ere ez du, oro har, azken urteetako kultur ekoizpenen salmenten krisia kudeatzeko hautatu duen modua ulertu. Hiru izan dira zuzendari postuan hamasei urte daramatzan Eduardo Bautistak hautatu dituen bideak: kopiak egiteko eskubideagatik ordaindu behar den kanon digitalaren aldeko defentsa irmoa; Interneten edukiak doan ikusteko moduan jartzen dituzten orrien aurkako neurri zorrotzen aldarrikapena; eta egile eskubideak ordaintzeko beharraren unibertsalizazio nabarmena. Ile apaindegietan, tabernetan, ezkontzetan eta karitatezko kontzertuetan ere eskatu dute egile eskubideei dagokion dirua.
Bautistaren adierazpenak ere ez dira izan erakundearen mesedetan. Bere soldatari buruz iaz esandakoek bazterrak harrotu zituzten. Urtean 300 euro kobratzen hasi omen zen lanean, eta 250.000 jasotzen ditu orain. Hala ere, ez du uste gehiegizko soldata duenik. «Gurea baino diru gutxiago kudeatzen duten hainbat elkartetan handiagoa da zuzendaritza taldekoen soldata».
Urte hasieran «SGAE berri» bat sortuko zuela egin zuen promes. «Gardenagoa». Ustelkeria akusazioek ez diote horretan gehiegi lagunduko, ordea.
Kritiken eta susmoen pean dagoen elkartea
SGAEren jardueraren «gardentasun falta» gogor salatu dute hainbat sortzailek eta internautek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu