Europako Kultur Hiriburutzaren epaimahaiak Donostia 2016 egitasmoari buruzko dokumentu bat osatu zuen, joan den ekainaren 17an hiria bisitatu eta proiektuaren arduradunekin bildu eta gero. Agiri horretan adierazi zuten “oso kezkatuta” zeudela ekimenaren norabidearekin, eta proiektuak arrakasta izango badu, antolatzaileek independentzia artistikoa eduki behar dutela azpimarratu zuten, besteak beste. “Ez fundazioak, ezta batzorde eragileak ere ez dute programazioa oztopatu behar”, zioen dokumentuak. Donostia 2016ren kultur arduradunek jakinarazi dute, ordea, ez dela «inongo» esku sartze politikorik egon, «ez proiektu kulturalaren kontzeptualizazioan, eta ezta garapen edo gauzatze prozesuan ere».
Gainera, azpimarratu dute kultur hiriburutzaren izendapena lortu zuen proiektua dela lantzen ari direna. «Inklusiboa izaten jarraitzen du: denontzat eta denona». Dokumentuan aipatutako pare bat puntu zehazte aldera, agerraldia egin dute Fernando Bernues zuzendari artistikoak, Igor Otxoa proiektuen zuzendariak eta Santi Eraso kultur aholkulariak. «Bi baldintza horiek bete izan ez balira, ez dut uste gutako inork jarraituko lukeenik», esan du Bernuesek.
Pentsatzen du zuzendari artistikoak azkenaldian «nolabaiteko geldialdiaz» hitz egiten ari dela, eta onartzen du aurrekontu handiagoa eta lantalde zabalagoa edukitzea gustatuko litzaiokeela. Baina ez dago ados geldialdi bat gertatu dela diotenekin. «Orain urtebete ez zegoen fundaziorik; ez geneukan harremanik Espainiako Kultur Ministerioarekin; ez zegoen zehaztuta kudeaketa eta lanerako organigrama; proiektu estrategikoak abiarazi gabe zeuden; eta ez geneukan egoitzarik, esaterako». Beraz, bai lantaldeari eta baita diruari dagokionean ere baliabide eskasia edukiagatik, proiektua modu «nahiko koherentean» garatzen ari dela pentsatzen du. Datorren astean lantaldera batuko dira komunikazio zuzendari berria eta beste bost koordinatzaile. “Haiek etortzeko irrikaz gaude”.
Otxoak adierazi du hainbat komunikatu egin dituela epaimahaiak, eta pasa den igandean El Diario Vasco egunkariak filtrazio baten bidez kaleratutakoak “alderdi arazotsuenen” berri ematen duela. Epaimahaikideak orain etorriko balira, azkeneko bi hilabeteetan aurrera egin dela ikusiko lukete. Iruditzen zaio “botila erdi beteta” ikusi behar dela, “eta ez erdi hutsik”. Halere, onartu du proiektua azkarrago garatzea gustatuko litzaiekeela. “Hitz egin genezake dauzkagun baliabideez, aurreikusita geneukanaz, baina proiektua ez da aldatu hiriburutza eman zigutenetik”. Horretan ez daukate zalantzarik, baina Bernuesen ustez, egoera ekonomikoak “asko” eragin die. Hartara, kultur programazioan 2013rako aurreikusita zegoen diruaren erdia besterik ezin izan dute xahutu.
Itziar Noguerasen izendapena
Itziar Nogueras izango da 2016 bulegoaren zuzendari nagusi berria. Bernuesek gogoratu du, urtearen hasieran instituzioekin (Eusko Jaurlaritza, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Diputazioa) bildu zirela bera, Otxoa eta Eba Salaberria bulegoko kudeatzaile ohia, eta proiektuaren buruzagitzari buruz hausnartzeko eskatu zietela. “Uste genuen zetorkigun aro berrirako buruzagitzari buruz hausnartu behar zela, eta kudeatzaileek zuzendari nagusi bat kontratatzeko hautua egin zuten”.
Hautaketa prozesu baten bidez aukeratu dituzte bai Nogueras eta baita komunikazio zuzendari berria eta beste bost koordinatzaileak, eta Bernuesek uste du azkeneko zazpi hilabeteak (aukeraketa prozesuak iraun duen denbora), “oinazetsuak” izan direla haientzat. Gainera uste du horrelako proiektuentzako, hasiera bat eta bukaera bat dituzten egitasmoentzako, ez dela ona horrelako hautaketa prozesuak abiaraztea. Eta adibide gisa, kirol taldeetako entrenatzaileen kasua aipatu du: “Entrenatzailea kontratatzen dutenean, haren konfiantzazko lantaldea ere kontratatzen dute”. Gogoratu du, era berean, bai bera eta baita Otxoa eta Eraso ere zuzenean aukeratu zituztela, hautaketa prozesurik pasa gabe. “Uzten badidazue, esango nuke gehiegizko errespetua diogula lan markoari”.
Besteengandik bereiztuz
Atzerapenak pilatzen ari direla kritikatzen du, aldi berean, epaimahaiak. Otxoaren ustez, bulegoko kideei gehiago interesatzen zaie prozesua, azken emaitza baino. “Beste hiriengandik bereizten gara horretan”. Azpimarratu du, aldi berean, kultur hiriburu izan diren beste hiriek ez dutela eduki Donostiak adinak ekintzarik, hiriburutza urtea ailegatu baino hiru urte lehenago.
Erasok nabarmendu du epaimahaiaren dokumentuak adierazten duela urteotako proiekturik onena dela Donostiakoa; “are, inoizko onenetakoa”. Hori baieztatzeko, Bernuesek esan du ezinbestekoa dela hurrengo hiruhilabetekoan makineria martxan jartzea eta horri indar gehiago ematea .