Bizitza erdi baino gehiago, 30 urte daramatza Jon Irazabalek Durangoko Azokarako lanean. Zuzendaritza utzi, eta arlo teknikoari ekingo dio.
Lauaxeta saria jaso berri du Gerediagak. Zer sentipen duzu?
Pozik gaude. 46 urte igaro ostean norbere lana goraipatzea atsegina da. Dena den, hau ez da egungo gerediagatarren saria. Horma bat ez du adreilu bakar batek egiten. Hor atzean ehunka bazkide, babesle eta lagunen lana dago.
Aurtengo Argizaiola saria Iñaki Beobideri emango diozue.
Zor bat geneukan diskogintzarekin. Euskara eta kultura sustatzen lan handia egin du Beobidek. Jarrai taldean lehenengo, Herri Gogoa diskoetxearekin gero, eta ETBren sorreran. Euskal kantagintzako lehen biniloa berak atera zuen. Azokarekin oso kritikoa izan da beti. «Egin ezazue nahi duzuena, buru gogorrok!, diskoa abandonatua duzue azokan», esaten zigun, baina bereak kritika konstruktiboak dira. 1968tik 1980ra urtero azokako partaide izan da aholkuak emanez, beti laguntzeko prest.
Hiru gune berri zabaldu ditu azokak. Euskal sorkuntza ez dago krisian.
Inflexio momentuan dago azoka.Donostiako Zinemaldia hor dago, baina espresuki euskarazkoak merezi duen tartea emateko Durangoko topalekua aprobetxatuko dugu. Hiru gune berri sortzea pauso fisiko eta mental handia izan da. Jende askoren auzolanari esker egin du aurrera azokak. Diru laguntzetan iaz %30eko jaitsiera izan genuen, baina aurten Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, adibidez, diru laguntzak igo dituzte. Krisiaren ondorioz, aurten bestelako bideak ere jorratu dira. Zenbait enpresarekin trukeak egin dira, altzairuak eta informatika aldetik adibidez, azoka hornitzeko.
Kultura galegoa izango da aurtengo gonbidatua.
Galegoa hurbileko kultura da guretzat. Deustuko Unibertsitatean, esaterako, badago galegoari buruzko katedra, eta fisikoki ere ondoan daude, gure herrietan galego asko bizi baita. Zubiak sendotu nahi ditugu. Galegoak euskal kulturara hurbiltzeko era bat izan daiteke azoka; baliteke hor zaletasuna sortzea.
Durango gurutzatzen duen trenbidea noiz edo noiz lurperatuko dute...
Ea egun hori lehenbailehen heltzen den. Guk plan estrategikoa buruan darabilgu bien bitartean. Landako toki bakarra izan beharrean, azoka hiri bihurtuko da Durango. Kale bereko punta baten izango da Artisauen Azoka, eta bestean gurea. Musika Eskolan kontzertu txikiak antolatu ahal izango ditugu; elizpean talde gazteen kontzertuak eta abar. Barrera psikologikoa apurtzeko ikur hori trenbidea da.
46 urtean kritika asko jaso dituzue?
Kritika konstruktiboak ongi etorriak dira gurean, baina garaiz datozenean. 200 ekitalditik gora antolatzea ez da erraza. Joseba Jakak Durangok komertzioa eta kultura uztartzea lortu izana goraipatzen zuen. Urteen poderioz ikusi dugu denok denon beharra dugula eta elkarlanean lan egitean dagoela gakoa. Autore, argitaletxe, erakunde...
Interesak eta gustuak aldatu ahala ekitaldiak ere moldatu behar izan dituzue?
Bai. 80ko hamarkadan ekitaldirik masiboenak mahai inguruak ziren. Gogoan dut zelako eztabaidak izan genituen ETBren gaztelerazko katea zabaltzearen inguruan. Gaur azokan egiten den kultur topaketa jai girokoa da. Duela urte bi 80 urtetik gorako eminentzia bat ekarri genuen New Yorketik. Gutenbergek bere garaian inprimategia asmatu legez, honek ordu erdian liburuak egiten zituen makina aurkeztu zigun. Tamaina horretako asmakizuna ikustera, baina, dozena erdi lagun eta argitaletxeetako bi bakarrik etorri ziren. Dena den, pozik gaude 46 urtean hitzaldi bakarra geratu delako bertan behera. Euskararen etorkizunari buruzkoa zen, eta ez zen inor agertu. Jendeak argi zuen antza etorkizuna zein zen, eta hizlaria eta biokardo batzuk hartzera joan ginen.
Ez dizu pena ematen azokak 50 urte bete aurretik zuzendaritza uzteak?
Ez; 51 urte ditut. 30 urtetik gora daramatzat azokarako lanean, eta jarraituko dut, baina arlo teknikoan. XXI. mendean nire belaunaldiak jaso ez dituen bestelako ezagutza duen jendeak zuzendu behar du azoka. Etxea teilak jartzen dakienari utzi behar zaio egiten. Garai baten ez ziren eskatzen gaur egun eskatzen diren xehetasunak. Standari izena jartzearekin nahikoa zen. Kultur borrokaren garaiak bukatu dira; sibaritak gara orain.
Gogoan duzu azokan erositako lehen gauza?
Bai, Kirikiñoren ipuinak; etxean dut oraindik. 10 urte inguru nituela Goiuri Sopelanari elizpean erosi nion; Euskaltzaindiak ateratako liburuxka txiki bat zen.
Azokaren irudia 1965ean...
Elizpean hamabi mahai; lau katu standak ikusten, eta Durangoko itsua akordeoia jotzen.
Nork esango luke...
Lehen urteetan Mikel Laboa eta Xabier Lete ez ziren famatuak, Bernardo Atxagak Pott banda aurkeztu zuenean. Hurrengo hizlaria Jose Mari Satrustegi euskaltzaina izan zen, eta aurreko «gazte lotsabakoagatik» sekulakoak esan zituen. Nola aldatu diren gauzak! Garai hartan Nafarroaren babesa zuen azokak. Vianako Printzearen argitalpenak saltzen zituzten, egin kontu!
Jon Irazabal. Durangoko Azokaren zuzendaria
«Kultur borrokaren garaiak bukatu egin dira»
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak 46 urte bete ditu, eta krisi garaian apustu handia egin du, hiru gune berri zabalduz. Jon Irazabalek belaunaldi berriei pasatuko die lekukoa aurten zuzendari moduan azken urtea eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu