Diru laguntzak

Kultur laguntzak jasotzeko baldintzei buruzko 461 kontsulta jaso ditu Jaurlaritzak

Kultur eragileen egoera arintzeko sortutako 2,5 milioi euroko laguntza sailarekin batera, martxan da aholkularitza zerbitzu bat, eta jakitera eman dituzte zerbitzu horren datu kuantitatiboak. Besteak beste, laguntzak bateratu ezinak piztu ditu galderarik gehien sortzaileen artean.

Hainbat lagun, iaz, Durangoko Azokan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Inigo Astiz
2020ko maiatzaren 28a
15:23
Entzun

Eusko Jaurlaritzak 2,5 milioi euroko diru saila jarri zuen kulturgileek koronabirusari aurre egiteko hartutako neurriek eragindako kalte ekonomikoa arintzeko asmoz, eta, laguntza horiekin batera, abian jarri zuen prozesua laguntzeko aholkularitza zerbitzua bat. Martxan izan den hilabete honetan, guztira 461 kontsulta jaso dituzte, gaur jakinarazi dutenez: ia denak, laguntzak lortzeko egin beharreko urratsei buruzkoak eta bete beharreko baldintzei buruzkoak.

Jaurlaritzak hainbat baldintza ezarri dizkie laguntzak jaso nahi dituzten kulturgileei, eta baldintza horiei buruzkoak izan dira aholkularitzari egindako kontsulta gehienak. Laguntzak jaso ahal izateko epigrafe jakin batzuetan aitortu behar izan dituzte sortzaileek zergak, esaterako, eta, zenbait elkartek adierazi dutenez, laguntzak jasotzeko aukerarik gabe gelditu dira beste batzuk; bertsolariak, gidoigileak eta idazleak, kasurako. Eta, hain zuzen ere, epigrafe horiei buruzkoak izan dira aholkularitzak jasotako kontsulten laurdenak. Bestalde, kulturgileentzako laguntzak ez dira bestelako laguntzak jasotzearekin bateragarri, eta sortzaile askok jo du aholkularitzara arrazoi horregatik, erabaki horrek zertan eragiten dien jakiteko: 108 izan dira, zehazki, kontsulta hori egin dutenak.

Antzerkia, ikus-entzunezkoak eta musika

Jaurlaritzak gaur zabaldutako datu kuantitatibo horien arabera, antzerkiko eragileek 153 kontsulta egin dituzte; ikus-entzunezkoen esparrukoek, 146; eta musikaren esparruek, berriz, 125 kontsulta. Hiru esparru horiek erabili dute gehien zerbitzua.

Kontsulten ia erdiak langile autonomoek egin dituztela jakinarazi dute, eta aholkularitza baliatu duten erabiltzaileen laurdenak dira besteren konturako langileak. Bestelako kategoria batzuetakoak dira zerbitzua erabili dutenen %8, eta hor sartzen dira, esaterako, azken hilabetean inolako diru sarrerarik izan ez dutenak eta autonomoen erregimenean kotizatzen ari ez direnak.

Epe luzapena eta moldaketak

Hasieran, maiatzaren 25era arteko epea ezarri zuen Kultura Sailak laguntzak eskatzeko, eta autonomo modura aritzen diren langileei soilik luzatu zien aukera, legean izandako erredakzio huts bategatik. Handik aste batzuetara, ordea, eskariak egiteko epea ekainaren lehenera arte luzatzea erabaki, eta besteren kontura dabiltzan langileei ere ireki zieten atea. Eskariak tramitatzeko ordena zozketa bidez egitea erabaki dute arduradunek, laguntzen poltsa bukatu arte.

Gehienez ere, iazko diru sarrera garbien hileko batezbestekoaren %70 jaso ahalko du eskatzaile bakoitzak, 1.200 euroraino. Jarduera ekonomikoa aurten abiatu dutenek ere eskatu ahalko dute, baina jasoko duten kopurua lanbide arteko gutxieneko soldataren baliokidea izango da: 950 euro. Eskatzaile bakoitzak ziurtatu beharko du diru sarreren %60 jarduera horiei esker jasotzen dituela, besteak beste.

Bi gida

Kulturklik Pro plataformaren bidez eskaini du aholkularitza zerbitzua Jaurlaritzak, kulturklik.euskadi.eus/asesoria helbidean, eta kulturgileak laguntzeko bi gida ere jarri ditu bertan profesionalen eskura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.