Kulturaren ustezko elitismoa politikarien errua dela adierazi zuen atzo Bilbon Gerard Mortier-ek, Madrilgo Real antzokiko zuzendariak. Kultur hezkuntzan gabezia nabarmenak daudela azpimarratu zuen, eta hori, hein handi batean, politikariek ezartzen duten hezkuntza sistemari sor zaiola iritzi dio Mortierrek: «Ezjakintasuna hain handia da askotan, edozein gauza egin behar dela jakin-mina pizteko. Ezjakintasun hori atmosfera kulturalaren errua da», argitu zuen.
Haren ustez, gizarteak hiru zutabe ditu, «ekonomia, politika eta kultura», eta ezinbestekotzat jotzen du hirurak orekaturik egotea. Bide horretan, uste du kudeaketa kulturala «politikoa» dela beti: «Programak eta artistak hautatzea politika egitea da. Hori onartzen badugu, dena errazagoa izango da», azaldu zuen. Haren iritziz, programatzailearen lana da, «publiko mota guztiek» parte har dezaten bilatzea. Hala, ez diete politikarien nahiei jarraitu behar: «Politikariak populistak dira; jendetza bilduko duten ikuskizunak baino ez zaizkie interesatzen», gaineratu zuen.
Programazio bat sortzerakoan,«tradizioan eta sorkuntzan» oinarritzen dela zehaztu zuen. Horrekin batera, publikoaren jakin-mina sortua eta ase nahi izaten du: «Publikoak jakin-mina du; artean garrantzitsuena da hori, bizitzako beste gauza guztietan bezala. Horrek esan nahi du gauza berrietara zabalik daudela». Hala ere, gauza berriekin gozatzeak ez du esan nahi klasikoekin disfrutatzerik ez dagoela. Kultura klasikoaren elitismoaren inguruko iritziak aurreiritziak direla uste du, «Elitistaren eta herrikoia denareninguruan gogoeta egin behar dugu. Elitistatzat hartzen ditugun historiako lan handiek funts popular handia dute».
Kulturan eta artean heztearen beharra
Gerard Mortierrek arte programazioa beti «politikoa» dela argitu zuen atzo Bilbon emandako hitzaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu