Kultura

Kulturaren Euskal Planak harrera ona izan duela iritzi dio Azkaratek

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak duela bi urte jarri zuen abian Kulturaren Euskal Plana. Miren Azkarate Kultura sailburuak planaren inguruko balorazioa egin du gaur eta harrera ona izan duela adierazi. "Pozik" agertu da Azkarate bi urte hauetan egindako lanarekin eta "atzerapenak egon badira ere, ongi samar funtzionatu du", bere esanetan.

2006ko irailaren 25a
17:10
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 2004an jarri zuen martxan Kultura Sailak. Xede nagusia kulturaren euskal eremua egituratzea du Kulturaren Euskal Planak (KEP).

KEPen jasotako egitasmo batzuei lehentasuna eman zien Kultura Sailak 2004an. Horietako batzuk zehaztutako epeen barruan garatu ditu; beste batzuk, aldiz, atzeratu egin dira. Azkaratek azaldu duenez, iazko hauteskundeek eragina izan zuten atzerapen horretan. Kulturaren Euskal Kontseilua azaroan berrituko du Kultura Sailak, eta orduan KEPen balorazio sakona egingo dutela agindu du.

Kulturaren Euskal Kontseiluak diseinatu zuen KEP eta berritzen dutenean, KEPen jarraipena egiteko ardura hartuko du. Horretarako, hainbat sektoretako kide berriak hartuko ditu. Besteak beste, alor hauteko lagunek osatuko dute Kulturaren Euskal Kontseilu berria: teknologia, komunikazioa, kultura digitala, euskal bibliografiaren ikerketa, musika modernoa, itzulpegintza eta ikus-entzunezkoak.

Bestalde, Jaurlaritzak Kulturaren Euskal Behatokia sortu zuen duela urtebete.Behatokiak, besteak beste, eginkizun hauek izango ditu aurrera begira: Kultura sektoreei buruzko informazio jasotzeko sistema estatistikoa diseinatzea eta sektore horien gaineko ikerketak eta azterketak egitea. Kultura Sailaren erronka nagusietako bat Behatokia sendotzea dela adierazi du Azkaratek.

Bestalde, Kulturak Etxepare Euskal Institutua sortzeko asmoa duela gogorarazi du. Dena ondo bidean, Eusko Legebiltzarrak datorren urteko uda baino lehen onartuko du Institutua sortu ahal izateko lege proiektua. Azkaratek azaldu duenez, Museo eta Liburutegien lege proiektuak ere Legebiltzarrak noiz onartuko zain daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.