Kultura. Kudeaketa eredua

Kulturaren noranzkoa

Behera egin dute aurrekontuek, eta estua da egoera. Orain arteko eskaintzari eustea da, ordea, kultur kudeatzaileen erronka, eta eredu egokia asmatzea da giltza.

Inigo Astiz
2011ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Murrizketak ez dira behin-behinekoak. Zantzu guztien arabera, urteak beharko dira egungo egoera ekonomikoari buelta emateko, eta kulturgintzaren esparrua ez da salbuespena izango. Azkenaldiko itxieren eta murrizketen albisteak dira horren froga, eta bereziki handia da erakunde publikoen erronka. Nola eutsi orain arteko zerbitzuari? Nola mantendu orain arteko maila diru sarrera txikiagoekin? Zer da funtsezkoa, eta zer bigarren mailakoa? Bide hori zehaztea da kultur kudeatzaileen egungo erronka, eta eredua asmatzea da giltza. Estua da egoera, diotenez, baina bada nondik saiatua. Kulturaren noranzkoa dago jokoan.

«Erreakzionatu beharra dugu». Alicia Fernandezena da aitorpena, Bilboko Rekalde aretoko zuzendariarena. Mugimendua eskatzen du hark. «Dirurik ez badago, martxan jarri beharko ditugu kultur kudeaketaren esparruaren barruko diren beste elementu batzuk: sorkuntza eta berrikuntza. Ez zaizkigu arrotzak, eta hori baliatu beharra dugu. Negar saioen aurka nago ni. Orain ez du balio dirurik ez dagoelako ezer egin ezin dugula esan eta eskuak gurutzatuta gelditzeak, ezta kexa batean hasteak ere. Ekintza aldarrikatzen dut nik». Iraganaren azterketa kritiko bat da haren proposamena, funtsean, eta badu bere formula propioa. Esaldi batean laburtu du: «Iraganaz gogoeta egin, etorkizunaz pentsatu eta orainaldian eragin».

«Elkarlana». Hori da Ignacio Mailana Arriaga antzokiko kudeatzaileak etengabe ahotan darabilen hitza. Hor gertatzen da etorkizuna, haren ustez. «Aurrekontu murrizketekin ere mantendu daitezke orain arteko eskaintzaren kantitatea eta kalitatea, eta, hain zuzen ere, hori da bidea: elkarlana eta koprodukzioa». Gero eta ohikoago bilakatzen ari da formula hori, gainera, antzokiaren programazioan. Campoamor antzokiarekin eta Oviedoko Udalarekin (Asturias, Espainia) hitzarmena sinatu zuten iaz, esaterako, zarzuela denboraldia antolatu ahal izateko, eta onak izan dira emaitzak, Malainaren ustez.

Baina elkarlanaren beharra ez dagokio antzoki publikoen esparruari bakarrik. Bideragarria da batera aritze hori ekimen publikoen eta pribatuaren kasuan ere, Malainak dioenez. «Kudeaketa publikoak kultur zerbitzu publiko bat eskaini behar du, hezkuntzari lotutakoa, eta bide berriak irekitzeko prest egongo dena; arrisku bat eskaini behar du. Ekimen pribatua, ordea, primerakoa da produkturik komertzialenak bideratzeko. Azken finean, aukera eskaini behar zaio ikusleari».

Publikoaren hitza

Hain zuzen ere, Malainaren hitzetan, hori da kultura kudeatzaileek denbora luzeegiz bazterrean utzi dituzten elementuetariko bat: publikoa. Hemendik aurrera, haren gainean egon beharko dute erakunde kulturalek. Hark zer esango, adi. «Arreta eta informazioa pertsonalizatzen asmatu behar dugu. Publikoaren gustuei erne egon behar dugu, eta sare sozialak izan litezke horretarako bide bat». Gertutasuna aldarrikatzen du. Hala eskatzen dio esperientziak. «Arriaga antzokiak lagun talde handi eta fidel bat du inguruan, eta haiek izaten dira gure lehen termometroa».

Proposamen zehatzak ere egin ditu Malainak. Dohaintzen legedia aldatu behar litzatekeela uste du, esaterako. Kultura lagundu nahi dutenei zerga-pizgarriak eskaintzea. Europa da eredu. «Alemanian, Britainia Handian eta Austrian dohaintzak egiten dituzten enpresek eta partikularrek %100eko zerga kenkaria izaten dute. Frantziako legediak %60ko kenkaria ezartzen du, eta Espainiakoak %35ekoa enpresentzat eta %25ekoa partikularrentzat. Bizkaian, txikiagoak dira kopuru horiek; %18koa da emandakoaren gaineko kenkaria. Europako buztanean gaude. Frantzian 2003an ezarri zuten lege aldaketa, eta eragin zuzena izan zuen dohaintzetan. Frogatuta dago. Europaren parean jarri behar genuke hemen».

«Interakzioa». Hitz hori darabil Gregorio Diaz Ereñok, Oteiza museoko zuzendariak. Malainaren kasuan bezala, hori da, haren ustetan, hartu beharreko bidea. Baina museoen arteko elkarlanaz ari da Diaz Ereño. Jakina da krisiak Oteiza museoan izan duen eragina; hutsik daude aldi baterako erakusketetarako erabiltzen den guneko horma guztiak, Nafarroako Gobernuaren aurtengo murrizketen ondorioz.Horregatik, indarrak batzea da bidea, eta ez erakusketak antolatzeko soilik, baita hezkuntza programak antolatu eta kontserbazio eta ikerketan aurrera egiteko ere.

Alternatiba ez da goxoa. Zaharkituta gelditzea da arriskua, eta, horregatik, eraldatu beharra ere aipatu du Diaz Ereñok. «Krisia ez da soilik ekonomikoa; bada eredu krisi bat ere. Azken urteetan, gainezka egin dute artea jasotzeko eta artean eragiteko bideek. Errealitateak gainditu egin ditu bide tradizionalak, eta parte hartzea, interakzioa eta jakintzen transmisioa jadanik ez da alde bakarrekoa eta noranzko bakarrekoa. Interaktiboa da». Unean uneko liluratik aldentzearen garrantzia azpimarratu du, halere. Epe luzera jokatu behar dute beti museoek, Diaz Ereñoren ustez, artearen eragina ez baita epe laburrean jasotzen. Aukeratu beharra dago, eta argia da haren hautua: «Gaur egun, sekula baino gehiago, urrundu egin behar dugu iraupen laburreko proposamenetatik».

Partikularretik orokorrera

Sortzaileek orain arte aurkitu dute zeharbiderik. Luzea da saioen zerrenda, eta ez dira gutxi arrakasta kasuak. Autoekoizpenaren bidea hartu dute musikari askok, eta crowdfunding izeneko bidea probatu dute zinemagileek. Gorantz doan joera bat da, gainera, azken hori. Internet bidez funtzionatzen du, batez ere, eta sinplea da sistema: jendeak dirua jartzen du interesgarri iruditzen zaion eta ikusi nahi lukeen film bat ikusi ahal izateko. Zer nahi, hura finantzatu. Euskalgintzak hamarkadak daramatza halako diru sarrera sistemak lantzen. Ez da, berez, formula berria, baina bultzada indartsua jaso du Interneti esker. Sorkuntzaren mundura ere hedatu da orain. Finantzabide hori anekdotikoa zen orain urte batzuk alor horretan, baina gero eta aukera sendoagoa da urtez urte. Mozketaz mozketa.

Sortaka daude kasuak. Clemente Bernad argazkilari nafarraren adibidea izan liteke, baina, garaiaren paradigmetariko bat. Morir de sueño (Ametsez hil) izeneko proiektuarena, alegia. 1936ko gerran hildakoak lurpetik ateratzeari buruzko film labur dokumental bat prestatzen zebilen, eta bideratua zuen proiektua. Azken unean, krisiaren ondorioz, produkzio etxeak atzera egin, eta erdibidean utzi zuten Bernaden hasierako asmoa. Ez zuen etsi, halere, eta www.verkami.com webgunean utzi zuen bere proiektuari buruzko informazioa. Helburua 5.000 euro jasotzea zen, eta, azkenean, 6.500 bildu ditu. Partikularretik orokorrera jotzea da, ordea, erronka. Eta handia da jauzia. Nola uztartu ekimen partikular horiek, eskaintza publiko bat eman beharrarekin?

Xabier Marce ekonomialari eta kultur eragilearen ustez, ez da ezinezkoa. Ekimen pribatuaren eta publikoaren arteko hitzarmen bat eskatzen du. Atarrabian izan da egunotan (Nafarroa), Nafarroako kultur kudeaketari buruz egin diren jardunaldietan hizlari. Focus Group arte eszenikoen enpresako kide da, eta, dioenez, bi dira egun kulturgintzak dituen krisiak: bata, ekonomikoa da; bestea, kultura ereduaren aldaketari dagokiona. «Logika fisikotik logika digitalera pasatu gara», azaldu du. «Gaur egun, kultura erakunde publikoetariko asko XX. mendeko parametroen arabera eraiki eta kudeatzen dira, baina XXI. mendean bizi gara».

Estatuaren egitekoa

Bideragarritasuna da gakoa Marceren hitzetan. Oro har, estatuak leku handiegia du egun kultur merkatuan, haren ustez. «Ordezko lanak egin ditu orain arte, eta zuzentzaile lana izan behar luke». Adibide bat jarri du; zinemari ematen zaizkion laguntzak. «Europan, Internet aurreko garaian sortu ziren lege horiek, AEBetako oligopolioei aurre egin ahal izateko, eta sortu zirenean bazuten zentzua. Baina aldatu egin da egoera egun, eta aztertu egin behar lirateke neurri horiek. Zentzuzkoagoa litzateke, adibidez, dirua, zinema sorkuntzan jarri beharrean, banaketaren esparruan jartzea».

Neurri batean, merkatu kuotei eta kontsumo joerei bizkar emanda bizi dira botere publikoak, Marceren ustez. Eta hori aldatu behar litzateke, haren esanetan. Kultur zerbitzu sozialei gogor heldu behar liekete agintariek, haren ustez, eta liberalizatu egin behar lukete kultur merkatua. Izan ere, dioenez, lehertu egin da goi mailako kulturaren eta behe mailako kulturaren arteko bereizketa. «Botere publikoek, ordea, orain dela ehun urte jokatzen zuten bezala jokatzen dute. Goi mailako kulturatzat jotzen dena babesten dute oraindik ere, eta bazterrean uzten dituzte bestelako proposamenak».

Marcek ez du uste, ordea, laguntzak desagertu behar liratekeenik. Zentro garrantzitsuenek finantzabide propioak ere landu behar lituzketela dio; egun diren baino bideragarriago izan behar luketela, alegia. Bada horretarako aukerarik, dioenez. Dohaintzen gaineko finantza kenkariak izan daitezke halakoak sustatzeko modua, adibidez. Funtsean, baina, eredu iraultza batez mintzo da Marce, kulturaren, herritarren eta ekimen pribatuen arteko harremanen mapa berri batez; publikoaren eta pribatuaren arteko uztarketa estuago batez. «Eztabaida badago mahai gainean, baina oso eraldaketa handia egin behar da. Berregin egin behar da hori dena. Oraingoz ez dago mugimendu handirik, egia da, baina onean egiten ez bada, txarrean egin beharko da. Baina egin egin beharko da».

Erroen garrantzia

Murrizketak izan direla ez du ukatzen, baina sustraiak ongi errotuta dituela dakienaren lasaitasunaz mintzo da Iñigo Alberdi, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko gerentea. Alde omen dute historia. «Orkestrak hasieratik erabaki zuen hiri bakarrean jo beharrean hiriz hiri aritu behar zuela,Euskal Herri osoan. Hasieratik hartu zuen eredu hori, eta, lehen ere argi ikusten genuen arren, orain are argiago ikusten da hautu egokia izan zela. Orkestran gastatzen den inbertsioa handia da, eta igarri egin behar da hori eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatean eta aberastasunean». Argi du zein den orkestraren funtzioa: «Zerbitzu publikoa eta ezaguna izatea da giltza. Hori da gure funtzioa».

Onartu du krisi ekonomikoak aldaketak ekarri dituela, baina sendoa da euskal kultur eskaintza publikoaren sarea, dioenez. «Erakunde kultural askoren adin nagusitasunarekin batera heldu da krisia. Hemen historia bat badugu jadanik. Hogeita hamar urte dira demokrazia heldu zenetik, eta guk geuk eta beste erakunde askok ere aldaketa handiak izan ditugu denbora horretan. Eta, oro har, onerako izan dira aldaketa horiek. Krisiari aurre egin ahal izateko gure egoera ez da txarra, beraz».

Izarrekiko lilura

Hautatu egin behar da, Alberdiren ustez: edo inurria, edo kilkerra. Ekintza ikusgarria edo eguneroko lana. Eta Alberdik argi du zein den jarraitu beharreko noranzkoa. «Izen handiekin justifikatu nahi izaten dira programazio artistiko guztiak, izarrekin. Superonak eta supergarestiak dira, ordea, izar horiek. Eta aukera bat da hori, noski. Noizbehinka egin liteke halakoren bat ere, baina benetan garrantzitsuena ez da hori, baizik eta erakunde kultural egonkorrak izatea. Ez dugu beti kanpotik etorriko den izar handirik behar beti, urte osoko lana justifikatzeko. Apaingarria da, baina ezin da ardatza izan. Urteroko eta eguneroko lanak balio du, eta ongi dago noizbehinka izarren bat ekartzea, baina joera ezin da alderantzizkoa izan». Bereizi egin behar da; zer da funtsezkoa eta zer bigarren mailakoa?

Estua da egoera, onartu duenez. «Gu mugan gaude», dio. «Soldata murrizketak izan dira, eta ez dakit orain baino gutxiagorekin egungo eskaintzari eusterik izango genukeen». Dena dela, kultura bere neurrira ekartzeko ere balio izan du krisiak, dioenez. «Ekonomia aldetik, gauzak bere lekuan jarri ditu. Musikarien artean orain arte izar diren horiek eskatzen duten dirutzak puztuta egon dira. Diru gehiago izan denez, eta izen handienganako lilura ere handiagoa izan denez, gauza gehiago irentsi ditugu, baina orain aldatu egin da hori».

Akabo lilura. Estua da bidea, baina garrantzitsua jokoan dagoena: datorren kulturaren noranzkoa erabakiko dute egungo kudeatzaileen hautuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.