«Euskal Herrian interes handia dago kultura kurduaren inguruan; jendeak gustuko du musika kurdua», Zinar Ala musikariaren ustez. «Ezin da parekatu Kurdistango arazoa Euskal Herrikoarekin, baina hemen Kurdistani buruzko interes handia dago, ulertuak sentitzen gara. Azken batean, bi herriek independentzia dute helburu. Amets bera dute, beren eskubideak errespetatuak ikusteko ametsa». Bere iloba Suarrekin batera zegoen atzo Durangon Ala, eskatzen zionari Kurdistanez eta Kurdistango musikaz azalpenak emateko prest.
Afrinen jaioak dira Zinar Ala eta Suar osaba-ilobak, Siriaren menpeko Kurdistanen, baina Ciudad Realen (Espainia) bizi dira. Ala errefuxiatua da. Aleppoko kartzelan preso izan zuten 1999an eta hurrengo urteetan galdeketak egin zizkioten. Berriro kartzelan sartua izateko arriskua luke jaioterrira itzuliz gero. Suarrek ez luke arrisku hori, oraingoz behintzat, baina ez du hango giro errepresibora itzuli nahi.
«Nik neure taldea neukan han, unibertsitatean», azaldu du Alanek. «Gero, Suar Ciudad Realera joan zenean, elkarrekin aritzen hasi ginen». Hainbat emanaldi egin dituzte Ciudad Realen eta inguruetan, ekimen kulturaletan, immigrazioaren inguruko jaialdietan eta horrelakoetan batez ere. Folklore kurdua lantzen dute beren emanaldietan, Espainiako musikaren eraginarekin. «Guk folk musika egiten dugu, antzinatik datorren musika», dio Suarrek.
«Kurdistan bereganatua duten estatuetako bakoitzaren hizkuntzak eta kulturak eragina du Kurdistango lurralde bakoitzeko musika kurduan, eta hori aberasgarria da», Alaren iritziz.
Kurdistanen musikak indar handia duela dio Suarrek. «Uste dut musika ederra dugula, mina, tristura eta maitasuna adierazten dituena, eta baita alaitasuna ere». Kultura gordetzeko eta transmititzeko zereginean ere garrantzi handikoa da musika, Alak dioenez. «Kurdueraz idatzitako literatura gutxi dago, eta antzinako kantuei esker gorde dira istorio zahar asko. Kantuaren bidez transmititu dira bestela, idatzi ez direnez, galduko zirenak».
Ala aurretik ere izana da Euskal Herrian. 2008an Kafe Antzokian emanaldia egin zuen; Ea Poesia jardunaldietan ere parte hartua da. Kurdistango egoerari Euskal Herrikoari baino gogorragoairizten dio. «Kurdistanen ia ezinezkoa da kurdueraz kantatzea. Mendian kanta daiteke, edo ezteietan, baina oso mugatuta zaude. Ez dago kurduerazko telebistarik, ez irratirik. Diskoak grabatzen dira, baina ez modu ofizialean. Eta kantu bat debekatzeko, aski izan daiteke nazionalismo kurdua pitin bat goratzea edo jendea kurduera erabiltzera animatzea».
Kurdistan, bi mahai-ingurutan
Azokako aretoan egingo diren bi mahai-ingurutan izango du presentzia gaur kultura kurduak. Lehenean, 13:00etan, Euskara eta kurduera: estatu gabeko bi hizkuntza gaiaren inguruan mintzatuko dira Ronayi Onen kurduera irakaslea, Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatua eta Edurne Brouard AEK-ko kidea, Joseba Intxausti moderatzaile dutela.
Arratsaldean, 18:30ean, adierazpen askatasunaz mintzatuko dira Eser Uyansiz Azadiya Welat kurduerazko egunkariko zuzendaria, eta Martin Garitano, Egin egunkariko langile ohia, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria moderatzaile dutela.
Mahai-inguruaren ostean, Laura Mintegi Euskal PENeko lehendakariak Idazluma 2010 sari bana emango die Uyansizi eta Garitanori, bata Azadiya Welat egunkariko langileei helarazteko, bestea Jabier Salutregi eta Teresa Toda Egin egunkariko kazetari ohiei helarazteko, biak preso baitaude.
DURANGOKO 45. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
«Kurdistanen ia ezinezkoa da kurdueraz kantatzea»
Zinar Ala eta Suar musikari kurduak Durangon izan dira, beren herriko kulturaz eta musikaz hitz egiten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu