Donostiako Kursaalek gala batekin ospatuko du hogeigarren urteurrena. Hitzordua ostegun honetan izango da, azaroak 28, 20:00tan.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak harilkatuko du gala, une oroz agertokian egonda, zenbait interpreteren bidelagun. Gisa honetan, Elena Sancho Pereg sopranoaren eta Lucia Lakarra dantzariaren emanaldiekin hasiko da ekitaldia. Kantari donostiarrak hainbat opera aria, tartean Offenbachen Hoffman-en ipuinak operako Les Oiseaux Dans la Charmille, eta Mozarten Aitorlearen Bezpera Solemneak lanaren Laudate Dominum atala emango ditu. Lakarrak, berriz, Matthew Golding lagun duela, dantza errepertorioko hainbat pieza ezagun —Beltxarga zuria eta Finding Light, kasurako—, dantzatuko ditu. Donostiako Orfeoi Gaztea ere eduki klasikoak jasotzen dituen lehen zati honetan ariko da.
Jarraian, popa eta rocka nagusituko dira Kursaaleko auditoriumeko oholtzan, Mikel Erentxun, Izaro eta Eñaut Elorrietarekin. Euskadiko orkestra lagun dutela, hiru abeslariak euren kanturik ezagunenetako batzuk emateko txandakatuko dira. Mikel Erentxunek, esaterako, Esos Ojos Negros eta Cien Gaviotas abestuko ditu. Izarok, berriz, Tu escala de grises eta Errefuxiatuena interpretatuko ditu, besteak beste; eta Eñaut Elorrietak, azkenik, Itsasoa gara eta Haizea ezagunak abestuko ditu. Abesti guztien moldaketak Fernando Velazquez konpositoreak egin ditu.