Kursaaleko filmak bakarrik emango dira greba egunean

Hilaren 26an soilik alda ezin daitezkeen filmak eskainiko dituztela azaldu du Zinemaldiko zuzendaritzak

Langileak, iazko Zinemaldian, prestaketa lanetan. EKAITZ AGIRRE.
Erredakzioa
Donostia
2012ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Irailaren 26an Zinemaldiak ez du izango bete-beteko funtzionamendua. Sindikatu abertzaleek deitu duten greba orokorra dela-eta, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren zuzendaritzak erabaki du egun horretan soilik Kursaalean ematekoak diren filmak eskaintzea. Zuzendaritzak hedabideetara bidalitako oharrak honela dio: «Egoeraren konplexutasuna kontuan hartuta, ohiko zinema areto guztietako programazioa bertan behera uztea erabaki dugu, Kursaal auditoriumekoa eta K2 aretokoa salbu. Esandako areto horietan, sail guztietan lehiaketara aurkezten diren filmak soilik proiektatuko dira, eta ken ez daitezkeen edo eguna aldatzerik ez dagoen ekitaldiak bakarrik antolatuko dira». Era berean, Zinemaldiak bertan behera utziko ditu Kursaal jauregitik kanpo aurreikusitako jarduera guztiak, eta eraikin horretaz kanpoko instalazio eta zerbitzu guztiak itxita egongo dira.

Zuzendaritzak, oharrean dioenez, «elkartasuna erakutsi nahi die lanposturik ez duten herritar guztiei», eta langileek «greba edota lan egiteko hartutako erabakia» errespetatuko duela dio.

Jose Luis Rebordinosek bigarren jaialdia izango du zuzendari gisa. Grebak Zinemaldiarekin ez kointziditzea nahiago zukeela adierazi du, baina greba orokorra ez dela Zinemaldiaz kanpoko kontu bat ere nabarmendu du. «Ez dagokigu jarrera bat hartzea. Zinemaldiak errespetatu egingo du lan egin nahi duen langilea, baita lan egin nahi ez duena ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.