Kusturicak utzi egin du Urrezko Laranja Turkiako jaialdia, aurkako kritikengatik

Balkanetako Gerretan Bosniako hilketak justifikatu izana egotzi diote presiogileek zinemagile serbiarrari

Agentziak
Istanbul
2010eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Aurka izan du giroa Emir Kusturica zinemagile serbiarrak hasieratik Antalyako (Turkia) Nazioarteko Urrezko Laranja Zinema Jaialdian, eta epaimahaiko kide izateari uko egin dio azkenean. Balkanetako Gerretan izandako bosniar musulmanen hilketak justifikatu izana da serbiarraren aurkariek aurpegiratu diotena.

Eskuin muturreko MHP alderdia izan da protesten buru aritu dena, baina Ertugrul Gunay Kultura ministroak eta aurten Berlinale jaialdian Urrezko Hartza jaso zuen Semih Kaplanoglu zinemagile turkiarrak ere jarrera bera izan dute. Kusturicak parte hartuz gero festibala utziko zuela egin zuen mehatxu Kaplanogluk.

Kusturicak egin du atzera, azkenean, presiogileen kritikak «barbaro eta primitibotzat» jo dituen arren. «Ni beti egon naiz Serbiak Bosnian egindako gizateriaren aurkako krimenen kontra», esan du. Jugoslavia bateratuaren aldeko bere jarrera izan daiteke, zinemagileak iradoki duenez, bere aurkako kritiken arrazoia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.