Dena emanda dago. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu diren film guztiak aurkeztuta, orain Todd Haynes buru duen epaimahaiari egokituko zaio sariak zeinentzat izango diren erabakitzea. Bihar gauean Kursaalean egingo den galan jakingo da palmaresa
Lehiaketa amaitzeko, gaur goizean Fernando Franco zuzendari espainiarraren La herida drama gordina aurkeztu dute. Ana du protagonista, anbulantziak gidatzen dituen 30 urteko neska. Berak ez daki, baina mugako nortasun-nahasmendua du, eta horrek bere burua zauritzera eramaten du. Ebakiak egiten ditu zango eta besoetan, zigarroarekin erretzen da, eta txat baten bidez bere buruaz beste egiteko aukeraz hitz egiten du.
Francok cinema verite-aren formak erabili ditu filmean, eta hala, kamera etengabe du gainean Anaren pertsonaiak (Marian Alvarezek gorpuztua). Hari segitzen dio eta haren gorak eta beherak adierazten ditu. Putzuan dagoeneko uneak nahiz aurrera egiteko gogoa azaltzen duenekoak.
Zuzendariak adierazi duenez, hasieran Borderline sindromea duen jendeari buruzko dokumental bat egitea zen bere asmoa, baina azkenean fikziozko lan bat egitea erabaki zuen. Hau da Francoren lehendabiziko lan luzea, nahiz eta aurretik laburren eta bideo-klipen alorretan lan egin duen.