Musika

La Locomotora Negra eta Chucho Valdes sarituko ditu Donostiako Jazzaldiak

Jaialdiaren 56. aldiko egitarau osoa aurkeztu dute. Arlo Parksen eta Mulatu Astatkeren emanaldiak bertan behera utzi behar izan dituzte.

Babesleekin batera aurkeztu zuten 56. jaialdia atzo, Donostian. GORKA RUBIO, FOKU
Ane Delgado Aldabaldetreku.
2021eko uztailaren 2a
17:05
Entzun

«Azken urteetako garrantzitsuena eta erakargarriena» izango da Donostiako 56. Jazzaldia, antolatzaileen hitzetan. Hilaren 21etik 25era egingo dute, eta jazz munduko bi izen handiri emango dizkie jaialdiak bere aurtengo sariak:  Chucho Valdes piano jotzaileari; eta La Locomotora Negra taldeari.

«Jazzaren historiako handienetako bat». Horrela definitu du Miguel Martin Donostiako Jazzaldiaren zuzendariak pianista kubatarra. Dioniso Jesus Valdes Rodriguezek, Chucho Valdes izenarekin ezagunagoa denak, jasoko du jaialdiaren aitortza, 2003an haren aitak, Bebo Valdesek sari bera jaso eta ia hogei urtera. 38. aldiko jaialdian aitak eta semeak kontzertu bat eman zuten. Aurten, aldiz, bakarrik igoko da Chucho Valdes Donostiako Trinitate Plazako agertokira. Hain zuzen ere, Mulatu Astatke ordezkatuko du; jatorri etiopiarreko musikaria Erresuma Batuan geratu beharko da, bertako COVID-19aren araudiak itzultzean berrogeialdia egitera behartzen duelako —arrazoi beragatik geratu da bertan behera Arlo Parksen emanaldia, eta Jose James ariko da haren ordez—. Hilaren 22an emango du kontzertua Valdesek, Gonzalo Rubalcaba eta Aymee Nuviola musikarien segidan. Sarrerak jada agortuta daude, eta eskueran izango dira Astatkeren ezeztatutako kontzerturako erositakoak itzultzen badira.

La Locomotora Negra, berriz, Kataluniako jazz talde beteranoenetako bat da. 50 urte daramatzate jazz tradizionalarekin agertokiak betetzen. Hain zuzen, mende erdia betetzearekin batera, taldeak agertokietara azken aldiz igotzea erabaki du, eta jazzaldiak erabaki du taldeak egindako ibilbidea aitortzea eta eskertzea, Donostiako Jazzaldiaren aurtengo bigarren saria hari emanda. Azken kontzertua Viktoria Eugenia antzokian emango dute, uztailaren 21ean. Sarrerak eskuragarri daude jaialdiaren webgunean, eta Viktoria Eugenia antzokiaren abonamenduak ere, kontzertu hori barne hartzen dutenak, lortu daitezke oraindik.

Aurtengo festibalak zortzi agertoki izango ditu eta 60 kontzertu emango dira guztira; horietatik 29 doakoak izango dira. Hainbat saiotarako sarrerak «oso denbora gutxian» saldu direla adierazi du zuzendariak, eta pandemiak ezarritako neurriak egonda ere «kalitate handiko» jaialdia prestatzea lortu dutela nabarmendu du. Hurbildu ezin diren zaleei erraztasunak emateko, hemezortzi artistaren kontzertuak streaming bidez emango dituzte, eta doakoak izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.