Laba proiektua aurkeztu dute Iruñean

Gune fisiko bat izango dela iragarri dute, baina, horrez gain, euskara «erdigunera» eramateko proiektu bat ere bada. Diru bilketa bat abiarazi dute egitasmoa finantzatzeko.

Irudian, aurkezpen bideoaren fotograma bat. @LABASAREA
jone arruabarrena
2021eko ekainaren 10a
15:51
Entzun

«Energia eratu dugu urteetan, eta lurpean borborka ari da magma hori. Eztanda egiteko garaia da». Hori eta bestelako mezu iradokitzaileak bota ditu Laba delakoak azken egunetan sare sozialetan, eta gaur argitu da misterioa: euskara erdigunera ekartzeko proiektu bat izango da Laba, dimentsio fisikoa eta sinbolikoa izango dituena. Lehenengoa Gazteluko plazan egongo da, Iruñean, han baitago egitasmoa. «Erabilera anitzeko gune bat» izango dela iragarri dute: «arkupeak babestutako lokal bat, eta plazara irekitako gunea. Euskaratik sortutako elkargune bat, euskarazko kultur emanaldietarako oholtza, sorkuntza produktuetarako saltokia, kafetegia».

Hori guztia egiteko lekua egongo da gunean, baina guneaz haratago joan nahi du Labak: «Bazterretik erdigunera eraman nahi dugu euskara. Ikusgarri eta entzungarri egin, erakargarri, eskuragarri. Jauzi bat eman nahi dugu, euskararen alde egotetik euskaraz egitera, baita ari garela ohartu gabe ere». Iruñean euskaraz bizitzearen aldeko apustua egiten du egitasmoak horrela.

Proiektua aurrera eramateko, 30.000 euro biltzeko erronka jarri dute sortzaileek, eta, horretarako, diru bilketa bat jarri dute martxan, itsulapikoa plataformaren bidez. Hala ere, gehitu dute ez dutela «sosa bakarrik» eskatuko: «esperientzia kolektibo bat» izatea nahi dute antolatzaileek, eta azaldu dute partaide aktiboak behar dituztela horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.