KULTURA

'Laboa gertutik' erakusketa zabaldu dute Bruselan

Instalazio musikala da nagusiki, antolatzaileek azaldu dutenez. Abenduaren 4ra arte izango da zabalik. Bideoa: Aizpea Goenaga, erakusketa aurkezten. [Youtube]http://youtu.be/0zgBA3Lx2Ok[/Youtube]

2013ko azaroaren 29a
13:55
Entzun

Instalazio musikala, "Mikelen ahotsa baita bere altxor nagusia". Hala deskribatu du Itziar Zubizarreta erakusketaren komisarioak Mikel Laboa zenaren omenez Bruselan antolatu duten erakusketa. Belgikako hiriburuko La Bellone kultur etxean prestatu dute erakusketa, eta gaurtik abenduaren 4ra bitartean izango da zabalik.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Mikel Laboa katedra sortu berriak eskatuta eta Etxepare Institutuak antolatuta sortu dute erakusketa, eta Bruselan asteon den euskalgintzaren ordezkaritzak hartu du parte inaugurazio ekitaldian. Besteak beste, Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendaria, Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusia, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidentea eta Mikel Irizar Topaguneko presidentea.

"Gure musikaren ezinbesteko erreferentzia" da Laboa, Goenagak erakusketaren inaugurazioan adierazi duenez. Haren ekarpena, berriz, "unibertsala".

Espazio guztiak "hustu" egin dituzte. Eta aretoak hutsik uzte horretan bada Jorge Oteiza eskultore eta Laboaren lagun zenari eginiko keinu bat, Zubizarretak aitortu duenez. Aretoetako batean, tabernako aulki bat baino ez dute jarri; hura tzuen Laboak bidelagun, Zubizarretaren hitzetan.

Entzumenarekin jarraitu beharreko erakusketa da, komisarioak azaldu duenez. Ipad-ak prestatu dituzte Laboaren kanta ugarirekin, eta haren ahotsak eta abestiek gidatzen dute bisitaria. Nolanahi ere, bada zer ikusi ere; Laboaren diskoen azalak zintzilikatu dituzte hormetan, eta bideo ugari jarri dituzte ikusgai: esaterako, Danimarkako telebista kate batek Gernikaren inguruan eginiko dokumental bat, soinu gisa Laboaren doinuak dituenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.