Durangoko azoka

Laburrago, baina zabalago

Azokaren izen ofiziala aldatzea erabaki du Gerediaga Elkarteak 48. aldian. 'Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka' izenaren ordez, 'Durangoko Azoka' deituko dute aurrerantzean. Itziar Okariz artistak egin du aurten kartela. Bestetik, Aiert Goenaga zuzendari ohiari kontratua ez berritzeko arrazoiez ere aritu dira elkarteko kideak: “Arazo profesional bat izan da”.

Okariz, kartelarekin. DURANGOKO AZOKA
Inigo Astiz
2013ko urriaren 9a
14:31
Entzun

Lehen Durangoko Azoka izango da aurtengoa. Bai izen horrekin, behintzat. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka izan da orain arte beti izen ofiziala. Sinpleagoa izango da orain: Durangoko Azoka. Izena “laburragoa baina era berean zabalagoa” dela adierazi dute Gerediaga elkarteko kideek. Izan ere, azken urteetan azokan eskaintzen diren produktuen hedapenak bultzatu ditu horretara 48. urtean: “Izan ere, azokaren barruan sartzen dira gune guztiak, diziplina guztiak. Bide horretan ari gara lanean 2008az geroztik, eta guztiok argi dugu hori dela etorkizuneko azokaren eredua”. Eta argi utzi dute azoka eredua ez dagoela kolokan. "Eredu parte hartzaile baten alde egiten dugu. Ez dugu horren inguruko inolako zalantzarik izan. Eta hori ez da aldatu". Diotenez, ez zen hori izan iaz Aiert Goenaga zuzendariari kontratua ez berritzea erabakitzeko arrazoia. "Arazo profesional bat" izan zela zehaztu dute elkarteko kideek.

Nerea Mujika elkarteko zuzendariak eman dizkie azalpenak hedabideei. “Enpresa askotan gertatzen den moduan, arazo profesional bat izan zen elkartearen eta langile baten artean, baina hori geure artean geldituko da; gure intimitaterako gelditzen da”. Kaleratzerik ere ez zela izan zehaztu nahi izan du Mujikak: "Ez zitzaion lana berritu". Etete horren motiboei buruz gehiago ez du zehaztu, beraz. Baina onartu du ez zutela erabakia “behar bezala” plazaratzen asmatu. “Urte zaila izan da elkartearentzat, guneentzat eta langileentzat”. Izan ere, zuzendariaren figurarik gabe, elkarteak egin ditu aurten antolaketa lanak. Eta aurrera egiteko deia ere egin du Mujikak, elkartearen izenean. “Edozein eztabaidaren aurretik dago Durangoko Azoka”.

Gune berak, erakusmahai gutxiago

Gerrikoa estutu behar izan dutela ere aitortu du Gerediagak. Murriztu egin zaiela aurrekontua, eta baita parte hartzaile kopurua ere. “Iaz baino stand gutxiago izango da aurten”. Eutsi egingo diote, halere, lau eguneko azokari. Iaz pasa zen bostetik lau egunera, eta aurten horri eutsiko diote: abenduaren 5etik 8ra. Iaz izandako gune guztiei ere eutsiko dietela esan du. “Saiatuko gara oraindik hain ezagunak ez direnak ezagutarazten”. Iaz abiatutako Azokide egitasmoa ere bertan behera uztea erabaki dute Gerediaga Elkartekoek. Norbanakoei azokaren alde dirua emateko aukera eskaintzen zuen egitasmo horrek, baina ez du espero zen emaitzarik ekarri. Halere, donaziorik egin nahi duenak horretarako aukera izango duela adierazi dute Gerediagakoek.

"Aurrekontuak alde guztietaik gutxitu dira", azaldu du Mujikak. "Murrizketak izan dira erakunde publikoetatik heldutako partidetan, eta murrizketak izan dira diru iturri pribatuetan ere". Erakusmahai kopuruaren jaitsierak ere "kezkatzen" dituela gehitu du, gainera. "Gerrikoa estutu baino gehiago egin behar izan dugu".

Hitz bidezko irudia

Iaz Nestor Basterretxea artistak egin zuen kartela, eta aurrerantzean ere euskal sortzaileekin elkarlanean jarraitzeko asmoa du Gerediagak. Itziar Okariz artistak egin du aurtengo kartela. Virginia Woolf idazlearen testu bat baliatu du horretarako; Gela bat norberarena liburuko pasarte bat, zehazki. Euskaraz. Zuri-beltzean. Eta bertako hitzekin osatu du irudia. Durangoko Azoka deituko den lehen azokakoa. Euskal Herriko artista garaikide esanguratsuenetariko bat da Okariz. Performanceak egiten ditu nagusiki, eta, azaldu duenez, performance bat dago azokarako kartelaren oinarrian ere.

“Woolf biziki estimatzen dudan autore bat da, eta haren lanaren erreferentzia oso egokia iruditu zitzaidan Durangoko Azokarako”. Horregatik hautatu du Virginia Woolfen testua irudirako; haren liburua abiapuntu duen pieza bat izan delako haren azken performanceetariko bat. Liburuko pasarte bat irakurtzen zuen artistak akzio hartan. Behin eta berriz errepikatzen zuen pasarte bera. Errepikapen bakoitzean azken hitza jaten zion, harik eta hitzik gabe gelditu arte. Eta ariketa bera eraman du kartelera. Lerro bakoitzeko hitz bat gehituz joan da hasieran, eta lerro bakoitzeko hitz bat kenduz amaieran. “Hitz kenketa bat da”.

Gazteleraz egin zuen performancea berez, baina euskarazko ere prestatzen hasia zen. Eta hor sortzen da kartela. “Performanceak prestatzeko maiz egiten ditut irudiak hitzekin, eta performance horren gidoi moduko batetatik abiatu da kartela”. Joxean Artze poeta aipatu du erreferenteen artean, eta azokarako lan egiteko aukerarekin “pozik” dagoela azaldu zuen. New Yorken urte asko eman ditu Okarizek, eta Bilbora bueltatu zen iaz. “Sustraietara” itzultzeko eta “faltan" sumatzen duen hizkuntza batekin topatzeko  modu bat ere izan da azokarako kartela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.