Laburragoa eta eleaniztunagoa

Kimuak katalogoak zazpi film labur izango ditu aurten, iaz baino bi gutxiago, eta 35 mm-ko formatua kendu dute

gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Aurtengo Kimuak katalogoak zazpi film labur izango ditu, iazkoak baino bi gutxiago. Krisi ekonomikoak eragindako murrizketek bestelako ondorioak ere ekarri dizkio Eusko Jaurlaritzak sustatu eta Euskadiko Filmategiak kudeatzen duen film laburren katalogoari. Batetik, katalogoaren aurkezpena eta egitura sinpletu egin dute, bere tamaina erdira jaitsiz eta dokumentazio CDa eta informazio orriak kenduz. «Honekin katalogo erabilgarriagoa lortu da, eta produkzio gastuak nabarmen jaitsi dira», Txema Muñoz katalogoaren arduradunaren hitzetan. Bestetik, 35 milimetroko zinema formatuaren kentzeak ere «aurrezte esanguratsua» ekarri die antolatzaileei materialen ekoizpenean. Hala ere, aurreko urteetako film guztiak, aurtengoak —nahiz eta geroago izan—eta gainerako informazio guztia eraberritzen ari direnwww.kimuak.com webgunean ikusi eta irakurri ahal izango da egun gutxiren buruan. Katalogoak 8.000 euro inguruko aurrekontua izan du. Iazkoak baino 10.000 euro inguru gutxiago, Muñozek azaldu duenez.

Aurtengo katalogo berriak Donostiako Zinemaldiko Zinemira atalean hasiko du bere ibilbidea, film laburren egileei eta zinema jaialdiko zenbait gonbidaturi eskainitako emanaldi itxi batean.

Atzo aurkeztu zuten katalogo berria, eta azken bi urtetakoen ibilia eta emaitzak ere baloratu zituen Txema Muñozek. Oraintsu amaitu da 2010eko katalogoaren ibilbidea, «emaitza ikusgarriekin», Muñozen hitzetan. «Kimuak katalogoaren 15 urteko historian harrera onena izan duen bigarren sorta izan da, 2005eko bildumaren atzetik». Iazko film sortak urtebeteko ibilia osatu du oraingoz, «emaitza apalagoak» eskuratuz. «Kalitate handiko lanak izanda ere, iazkoen izaera ez da izan beste zenbait urtetakoa bezain jaialdietara begirakoa. Hala ere, krisi ekonomikoa izan da eragile erabakigarriena; izan ere, zinema jaialdi ugariren itxiera ekarri baitu, lehiatzeko aukerak murriztuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.