Zinema

Laburrean eta euskaraz

Euskaraz Bizi Nahi Dut film laburren lehiaketak bi sail izango ditu, eta sei sari banatuko dituzte. BERRIAk 2.000 eurorekin sarituko du film labur profesional onena.

Kontseiluko Paul Bilbao eta Zinemaldiko arduradun Jose Luis Rebordinos "Euskaraz bizi nahi dut" film laburren lehiaketaren aurkezpenean. JON URBE / ARGAZKI PRESS
Ane Urrutikoetxea.
2014ko ekainaren 20a
16:32
Entzun

Euskaraz Bizi Nahi Dut film laburren 3. lehiaketak sari gehiago eskainiko ditu aurten. Parte hartu nahi dutenek profesionalen eta amateurren sailen artean aukeratu beharko dute.

Kontseiluak eta Donostiako Zinemaldiak elkarlanean sortutako ekimena da, eta bi helburu ditu; alde batetik, euskarazko filmak sustatzea, eta, bestetik, Euskal Herrian ekoiztutako film laburrei bultzada ematea. Kontseiluaren idazkari nagusi Paul Bilbaoren esanetan, euskaraz bizitzeko bidean lagungarria da zinema: "Zinemaren hizkuntza elkarbizitzarako eta mundua aldatzeko bozgorailua izan daiteke, eta, horregatik, garrantzitsua da guretzat Zinemaldiak eskaini digun aterkia".

Euskara eta zinema lotzeko hainbat ekinbide bultzatzeko asmoa azaldu du Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek: "Kontseiluaren proposamena bat dator euskarazko zinema sustatzeko dugun helburuarekin; etorkizunean iragarriko dugun moduan, jaialdiak leku berezia egingo dio euskarazko zinemari".

Sail bakoitzean hiru sari eskainiko dituzte. Profesionalen atalean, lehen saria 2.000 eurokoa izango da, BERRIAk eskainia; bigarrena, 1.000 eurokoa, Zineuskadik eskainia; eta hirugarrena, 500 eurokoa, Hamaika Telebistak emana. Amateurren sailean, berriz, lehen saria, 1.000 eurokoa, Kontseiluak banatuko du; bigarrena, 500 eurokoa, Argia aldizkariak; eta hirugarrena, 250 eurokoa, Central eskolak. Lanak bidaltzeko epea irekita egongo da irailaren 8ra arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.