Musika

Laino arteko euskal operak

Hamaika euskal konpositoreren lan ia ezezagunak berreskuratu dituzte ahanzturatik, eta haien euskara hutsezko piezekin bi emanaldi egingo dituzte urte amaieran Bilbon eta Getxon Bilboko Orkestra Sinfonikoak, Bilboko Koral elkarteak eta Andeka Gorrotxategi eta Ana Otxoa abeslariek, Andekazaleak elkartearen bultzadaz.

Andekazaleak erteko, BOSeko eta Bilboko Koral Elkarteko ordezkarak Andeka Gorrotxategi eta Ana Oxoa opera kantariekin batera. MONIKA DEL VALLE/ FOKU
Inigo Astiz
2019ko irailaren 5a
15:45
Entzun

Jesus Guridi eta Josemaria Usandizaga dira euskal operagintzaren gailur nagusiak, edonondik begiratuta ere beti ikusgarri, baina lainoak estalita egon diren beste hamaika euskal konpositoreren lanak ere berreskuratu eta aldarrikatu nahi izan ditu orain Andekazale elkarteak. XIX. mendeko euskal musikagintza ahaztu eta ia ezezaguna bilatu, berreskuratu eta berrikusi dute, eta bi emanaldi egingo dituzte euskaraz idatzitako lanen hautaketa batekin. Bilboko Euskalduna jauregian izango da lehen saioa abenduaren 30ean, eta Getxoko Muxikebarri aretoan izango da bigarrena hurrengo urteko urtarrilaren 4an. Alare. Euskal operaren urrezko bristadak deitu dute programa. Andeka Gorrotxategi tenorea eta Ana Otxoa Pando sopranoa izango dira ahots nagusiak, eta haiekin batera izango dira oholtzan Bilboko Oskestra Sinfonikoak eta Bilboko Koral elkarteak, Oliver Diaz zuzendariaren gidaritzapean. Diskoa grabatzeko asmoa dute, gainera, zuzeneko saio horietan.

Euskal musikaren sasoirik “bizi eta indartsuena” erretratatzen du programak, Jesus Mari Sagarna koru zuzendari ohi eta musika adituaren hitzetan. Berak erein zuen proiektuaren lehen hazia, eta pozik azaldu da lortutako emaitzarekin. Bera hasi zen euskal operei buruzko informazioa biltzen, eta, artxiboz artxibo ibili ostean, 16 operaren partiturak berreskuratu zituen ahanzturaren mugetatik. Oso egoera eskasean zeuden haietako asko, ordea. “Batzuk irakurtzeko zailtasun handiak daude”, zehaztu du ikertzaileak, eta Angel Brizek lagundu du horregatik haiek interpretatzen. Topatutako lagin hori Bilboko Orkestra Sinfonikoari eta Bilboko Koral Elkarteari aurkeztu, eta lanean jarraitzea erabaki zuten. Eta bildurako lan horietatik guztietatik hautatutako aria, duo eta koru sorta bat eskainiko dute urte amaieran. “Iruditzen zait izan daitekeela aukera polita mundu ezezagun hori dena tantaka emateko, autore handi ezagunetara ohitutako publiko bati”, azaldu du ikerlariak.

Sinplea, baina atsegina

“Anbizio handikoa” da proiektua, antolatzaileen hitzetan, eta, onartu dutenez, “pixka bat luzea” ere bada programa. Baina azaldu dute zergatik: taldea lanean jarrita, baliatu egin nahi zutelako aukera, Guridi eta Usandizagaren lanekin batera, historiak itzalean utzitako autore ezezagunagoen lanak ere azaleratzeko. Eta horregatik Sagarnak aipatutako tantena, emanaldietan tartekatu egingo dituztelako, adibidez, Mirentxu eta Mendi-Mendiyan lan ezagunen pasarteak eta ia ezezagun diren konpositoreen lanenak. Charles Colin, Jose Olaizola eta Buenaventura Zapirainenak, kasura.

Poza azaldu du Andeka Gorrotxategi tenoreak euskal doinu horiek abesteko aukeragatik, eta interpretatuko dituzten piezen edertasuna nabarmendu du. “Oso musika polita da. Mundu guztiari gustatzeko modukoa. Tarteka sinplea da, baina atsegina, eta badaude beste doinu konplikatuago batzuk ere. Erakargarria da publiko guztientzat”.

Euskaraz abestea

Euskaraz abesteko aukera izatea ere txalotu du tenoreak. “Berezia izango da, bai, normalean ez ditugulako egiten euskarako paseak”. Eta hautaketa bera ere nabarmendu nahi izan du Ana Otxoa Pando sopranoak. “Normalean ez da halako errepertoriorik programatzen. Handiak bai programatzen dira, baina txikiak ez, eta animatu beharko ginateke halako gehiago egitera”.

Klabea da Gorrotxategiren parte hartzea. Sona handiko abeslaria delako, batetik, bai eta proiektua haren inguruan eratu delako. Izan ere, tenorearen lana zabaldu eta opera abeslari gazteak laguntzeko sortu zen Andekazaleak elkartea duela bi urte pasa. Eta emanaldi horiek ere elkarteak antolatu ditu.

Iraupen asmoa

“Pisu handiko proiektua” da Alare, Juan Angel Vela del Campo idazle eta musika kritikariaren hitzetan. Berak idatziko du emanaldien ostean kaleratuko den CDrako saiakera, eta poza azaldu du proiektuari esker ikasitakoagatik. “Programa lehen aldiz ikusi nuenean, kontxo, Guridi ezagutzen nuen, eta Usandizaga ere bai, baina haiei buruzko arrastorik ere ez nuen konpositore pila bat ere ikusi nuen zerrendan”. Eta harridura horrek eman dezake egindako berreskuratze lanaren neurria. “Historiarako geratuko da hau”, biribildu du bere iritzia Vela del Campok.

Iraupen asmo hori azpimarratu du Borja Pujol BOSeko zuzendari teknikoak ere. CDarekin batera, interpretatuko duten musikaren orkestrarako materiala ere prestatu dutelako, eta, haren hitzetan, horrek erraztu egingo duelako melodia horien zabalpena. “Etorkizunean Endeka Gorrotxategik aria hauetakoren bat egin nahi duenean, eta Veneziako La Feniche antzokiko programatzaile bati proposatzen dionean, material hori aurkeztu ahalko dio, eta horri esker izango da posible”.

Emanaldi nagusiez gain, musika ikasle eta abeslari gazteentzako entsegu irekiak ere antolatu dituzte antolatzaileek, eta, zehaztu dutenez, WOP fundazioarentzat izango da Bilboko emanaldian bildutako dirua. Getxon egingo duten emanaldia ere berezia da, herrian urtarrilean zabalduko duten Muxikebarri aretoko lehen emanaldietako bat izango baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.