Literatura. 'VELEIA AFERA'

Lan serio eta argia

Leire Lopez Ziluaga.
2011ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Egilea: Alberto Barandiaran.

Argitaletxea. Elkar.

Honela dio Alberto Barandiaranek Veleia afera-ren hitzaurre modukoan: «Esan daiteke [Iruña-Veleiako aztarnategiari buruzko] eztabaidak bitan banatu duela euskal kultura: 'Veleiaren alde zaude, edo kontra?'». Izan ere, Iruña-Veleiako aztarnategian agertutako ostraken berri —besteak beste, euskaraz idatzitako lehen hitzak, kalbario bat, hieroglifo egiptoarrak, latinezko hitzak— emateko prentsaurrekoa egin zenetik, gai honek etengabeko lekua izan du prentsan nahiz sarean, bereziki euskalariek ostraken benetakotasuna zalantzan jarri zutenetik, eta euskal kulturaren arloko eztabaidagai nagusietako bat izan da, euskarazko hitzez osatutako ostrakez gainera bestelakoak ere agertu ziren arren. Hain zuzen, BERRIA egunkarian Veleia aferaren jarraipena egiteaz arduratu zen Barandiaran.

Hasieratik aitortuko dut ez naizela filologoa (ezta arkeologoa, kimikaria edo epigrafista ere, baina ez dut uste inork horrelakorik pentsatuko zuenik) eta prentsaren nahiz sarearen bidez jarraitu dudala gaia, hau da, soilik bigarren mailako iturrien bidez. Liburua irakurriko duen beste edozeinek bezalaxe, gaiari buruzko aurreiritziak nituen irakurtzen hasi aurretik. Bistako gauzak esaten ari naiz, badakit.

Sei atal nagusi ditu liburuak, hitzaurreaz eta epilogoaz gainera; atalotan, egileak modu kronologikoan azaldu du Iruña-Veleiako aztarnategiaren inguruan ezagutzen duen informazioa, aztarnategia lehen aldiz dokumentatu zenetik hasita: Lurmen enpresak egindako indusketak eta haren aurretik etorri zirenak, aurkikuntzen aurkezpena, lehen zalantzak, Arabako Foru Aldundiak gaia aztertzeko sortutako batzordearen ibilbidea eta haren ondorioak, ostraken benetakotasunaren aldeko iritziak eta prozesu judizialaren hasiera.

Liburua seriotasun eredua da azken urteetan gaiari buruz sortutako zarata guztiaren barruan. Ez zen erraza gertatutako guztia azaltzeko saiakera egitea, gaiaren inguruan sortu diren dokumentu eta iritzien berri ematea, baina lan serioa egin du egileak, eta informazio zabala eta argia eman du, liburua irakurtzen duenak gaiari buruzko ondorioak ateratzeko modukoa. Horretarako, BERRIAko kazetari gisa nahiz libururako espresuki egindako elkarrizketak, txostenak, prentsan argitaratuak eta are Interneteko eztabaidak aztertu ditu. Liburua argitaratu ostean, egotzi zaio egileari ez dituela ostrakak benetakoak direla diotenak libururako elkarrizketatu, baina, liburua irakurrita, ez nuke esango elkarrizketa horien falta nabaritzen denik.

Egileak diziplina zientifikoekin —zientzia teknikoetakoak zein gizarte zientzietakoak— erakusten duen errespetua nabarmenduko nuke. Auzia inguratzen duten zalantzek, izan egiazkoak edo faltsuak ostrakak, diziplinetako batzuen debaluazio soziala ekar dezakete, eta diziplina batzuek besteei garrantzia kendu izanak bereziki lagundu du horretan. Errespetua esan dut, kazetariak adituen iritzietatik abiatuta osatzen duelako testua, a prioriko iritzi propioetan oinarritu eta ezagutzen ez dituen diziplinez arintasunez idatzi beharrean. Kontrakoa, seriotasuna da nagusi une oro. Gainera, sareak gai honetan izan duen eginkizuna ere aitortzen du, maila biak elkarren osagarri izan daitezkeela erakutsiz.

Lan independentea da kazetariak egin duena; independentzia ez baita ekidistantziaren sinonimo, baizik eta kanpotik datorren presioari muzin eginda lan egitea. Dena dela, liburuan ekidistantzia hausten bada, ez du egileak apurtzen, frogen pilaketak baizik.

Horrenbestez, lan bikaina egin du Barandiaranek, eta azpimarragarria iruditzen zait Euskal Herriko azken urteetako eztabaida nagusietako biri buruzko lanik onenak —hauxe bera eta Loiolako hegiak— euskaraz argitaratu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.