Durangoko azoka

Landako eraikineko ateak zabal zabalik dira, edonorentzat

Gaur goizean (10:30ean) hasi eta asteazken arratsa bitarte, Durangoko Landako eraikinean batuko du daukan indar ia-ia guztia euskal kulturak. Urtero bezala, edonor zorabiatzeko modukoak dira kopuruak, euskal liburugintzaren eta diskogintzaren ohiko neurriekin alderatuz gero sinesten ere gaitzak: 297 erakusmahai, 382 liburu berri (horietatik 210 euskaraz), 60 disko berri, 32 aldizkari, 23 bideo-lan, 18 edizio digital... eta 490.000 euroko aurrekontua.

2004ko abenduaren 4a
12:09
Entzun
Azoka luzeegi izan ez dadin, larunbatez egokitu zaio aurten hasiera Durangoko Azokari, eta horren ondorioz ezberdina izango da aurtengo ekitaldiaren hasiera: batetik, ez direlako haur eta gaztetxoak izango bazkalordura arteko tartearen protagonista nagusiak; bestetik, arratsaldean denentzako izango direlako zabalik ateak, eta ez bakarrik profesionalentzat, aurreko ekitaldietako lehen egunetan gertatu den bezala, aurten ez baita profesionalei eskainitako egunik izango. Horrenbestez, hasiera-hasieratik espero da, beraz, jende uholdea Durangoko Landako eraikinean, eta argitaletxe eta disketxeetako arduradunak prestatu dira uholdeari aurre egiteko.

Haur eta gaztetxo ugarik joko du hala ere gaur Durangora, haientzako egokiak baitira Durangoko Azokaren inguruan eratu diren kultur ekitaldien barruan gaur, 11:00etan, San Agustin kultur gunean emango duten filma: Ilargiaren sekretua. Pirritx eta Porrotx pantaila handian ikustea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula.

Idazleei beren liburuak sinatzeko eskatu nahi dienak ere hasieratik izango du horretarako aukera. Esaterako, Elkar argitaletxeak iragarri du bere erakusmahaian izango direla gaur, goiz eta arratsalde, honako idazle hauek: Patxi Gallego (Pololoak. Poxpoliñen lurriña), Karmele Jaio (Hamabost zauri) eta Xabier Mendiguren Elizegi. Arratsaldez, berriz, Txillardegi (Euskararen aldeko borrokan) eta Pirritx eta Porrotx ere erakusmahai horretan aurkituko ditu hara jotzen duenak. Fito Rodriguezek ere arratsalde osoa emango du azokan, Faustoren itzala nobelaren aleak sinatzeko prest, Utriusque Vasconiae argitaletxearen erakusmahaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.