Landarbaso, Baliko gonbidatu

Abesbatzak Baliko 8. International Choral Festivalen hartuko du parte, uztailaren 23tik 27ra

Ezker-eskuin, Iñaki Tolaretxipi, Denis Itxaso eta Maddalen Dorronsoro, atzo, Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA.
itziar ugarte irizar
2019ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Abesbatzen nazioarteko lehiaketen artean garrantzia hartzen doanetako bat da Balikoa (Indonesia), Bali International Choral Festival deitua. Uztailean hartuko du zortzigarren aldia, eta koru gonbidatua Euskal Herriko Landarbaso abesbatza izango dela jakinarazi zuten atzo Iñaki Tolaretxipi abesbatzako zuzendariak, Maddalen Dorronsoro abesbatzako prestakuntza taldeen zuzendariak eta Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura diputatuak, Donostian.

Indonesiak azken urteetan abesbatzen esparruan irabazi duen lekua nabarmendu zuten agerraldian. Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa jarri zuen adibidetzat Dorronsorok: «Hango abesbatzak irabazleak suertatu izan dira, bai helduen mailan, bai haurrenean». «Ohorea» den bezala, gonbidapena jaso izana «ardura» ere badela gaineratu zuen, eta lanean buru-belarri ari direla lehiaketa prestatzeko.

Uztail amaieran izango da koruen arteko txapelketa, hilaren 23tik 27ra. Landarbaso abesbatza 38 kiderekin joango da, eta nazioarteko hamalau sari lortzeko aukera izango du. Bi modalitatetan hartuko du parte: erlijio musikan eta koru mistoetan. Horrez gain, lehiaketak biltzen dituen hainbat lantegitan ere hartuko du parte abesbatzak, zeintzuetan euskal musikak eta foklorea ezagutaraziko duten.

Hain zuzen, koru lantegiak dira Baliko lehiaketaren osagarrietako bat, senidetze kontzertuekin eta sona handiko epaimahaikideekin batera. Haien artean izango dira aurten, besteak beste, Anton Armstrong, Cameron Labarr, Stojan Kuret, Lorenzo Donati —Tolosako abesbatza lehiaketan maiz izan da epaimahaikide— eta Maria Theresa V. Roldan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.