Langileek Fabrika Zaharra hartu zutenekoa

Torino (II). Garai bateko fundamenturik ez zuen huelga baten albiste. Felliniren film batetik aterea dirudien eszena. Fabrika zaharra, Torinorenzilbor-heste. Einaudi argitaletxearen oreka politikoa eta abangoardia kulturala.

Anjel Lertxundi.
2004ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Atzo arratsaldez, Aostatik Torinora itzuli nintzenean, autobusen eta trenen sciopero (huelga) aldarrikatzen zuten kartelek oroitzapen zaharrak ekarri zizkidaten, sciopero izan baitzen ikasi nuen italierazko lehendabizikotako hitza 1969. urtean oinak Italian estreinako aldiz jarri nituenean. Oihartzun gozoko hitza ematen du, sciopero, beti jolaserako prest dagoela dirudien hitz horietako bat. Baina orduan ezagutu nuen Italia hartako giroa ez zegoen jolasetarako. Hirurogeiko hamarkada boom ekonomikoa besapean zekarrela jaio bazen, krisi politiko latzarekin bukatu zen: langile eta ikasle frantsesen 68ko maiatzak Italian izan zuen, handik gutxira, segida.Gerra ostetik zirauen demokrata kristauen eta komunisten arteko etsaigo hitzartuak ez zuen hain krisi larririk ezagutu gazte batek 1948an Togliattiren kontra atentatu zuenetik: industria tradizionala gainbehera zetorren; gero eta gatazkatsuagoak ziren hegoalde garatu gabearen eta ipar industrialaren arteko harremanak; mafiak habia egina zuen sistemaren gune boteretsu guztietan; soziologoak hasita zeuden kontsumoaren gizarteak zekartzan kalteez abisatzen; estrukturalismoa bezalako jakintza berriak eta askatasun sexualaren aldarrikapenek aise igaro zituzten unibertsitatearen hormak; maoismoak ideologia klasiko guztiak urduritu zituen, garai hartako Marco Bellocchioren La Cina è vicina (Txina hurbil dago) filmeko izenburuaren alarma-dei ironiatsua lekuko; zentsurak ez zuen lotsarik (Je t'aime, moi non plus kanta eta Living Theatre famatua debekatzera iritsi zen gobernua); poliziaren bidegabekeriek ez zuten kontrolik; hamar bat urte lehenago sortutako Garzanti edo Feltrinelli argitaletxeek ateak zabalik zituzten abangoardia kulturalean eta politikoan gero eta ozenago eta ausartago ari ziren Pasolini, Gada edo Arbasino bezalakoentzat; Leonardo Sciascia Il contesto (Testuingurua) idazten ari zenÉ

'Piano, va' piano!'

Esnatu naizenean, leihora joan, eta hotel aurrean dagoen bus-geltokira begiratu dut. Bezperan baino autobus eta tranbia gutxiago dabilela iruditu zait. Hoteleko harrera-gelan zegoen gazteari busen huelgaz galdetu diodalarik, Sciopero? Non so di quale sciopero parla (Huelga? Ez dakit zertaz ari zaren) erantzun dit. Deserosoa egin zaio galdera. Hiri osoa geldirik balego ere, Sciopero? galdetuko lidake bere tonto-fashion aurpegiaz. Kalera irten, eta ibilgailuen ohiko zalaparta lagun dudala, Po ibaiaren ondoko Parco del Valentinora joan naiz egunkaria irakurtzera. Portadak Berlusconiren krisia, okupatzaileek Bagdaden hildako bost irakiar eta Cipollinik Tour-ean izandako erorikoa ditu albiste. Huelgaz ezer ez portadan. Berlusconik egunkaria kontrolatzen duela jakinik, barruko orrialdeak begiratzen hasi naiz. Emakume baten larridurazko oihu batzuk atera naute kontzentraziotik. «Piano, va' piano!» (Astiro, hoa astiro!). Burua jaso dut. Berrogeita hamar urte inguruko emakume bat da oihuka ari dena. Gizen samarra dago eta, izerdi patsetan eta arnasestuka, footing modalitate bereizi bat du estualdi: soka bat darama gerrian lotuta, eta sokatik tiraka, Siberian huski txakur zuri-gris horietako bat. «Piano, va' piano!» agintzen dio berriro txakurrari. Animaliak, entzungor, bere martxan segitzen du. Imajinazioak kalea zapaldu behar du, eszena barregarriak klasiko bihurtzen zituen Fellini maisu berdin ezinak esango lukeenez.

Zilbor-hestea

Egunkaria irakurri ondoko paseoak Lingotto izeneko kongresu-zentrora eraman nau. Eraikuntzaren luze-zabala izugarria bada ere (100.000 metro karratu erabilgarri ditu), lau bat pisuko altuera doiak liburu erraldoi etzan baten itxura ematen dio. La Fàbbrica (Fabrika) deitzen diote torinotarrek, baita La Vecchia (Zaharra) ere: Giovanni Agnellik orain ehun urte Torinoko auzo batean sortu zuen fabrika zaharra (Fabbrica italiana automobili Torino) erakusketa-azoka erraldoi bat da orain. Fabrika berria, berriz, Torinoko periferian barreiatuta dago auskalo zenbat pabilioitan. Pabilioi bakoitzak espezializazio bati erantzuten dio: diru guztia ez galtzeko, ez dago daukazuna galtzerdi askotan gordetzea bezalakorik.Urtean zehar Lingotton antolatzen dituzten ekintzen artean, Liburu Azoka da ezagunenetakoa. «Hauxe da liburu-azokarik handiena Frankfurt-ekoaren ondoren. Baina Frankfurtek ez dauka pistarik», esaten dute harro torinotarrek. Eraikuntzaren gainean, teilatuaren ordez, autoak eta prototipo berriak probatzeko erabiltzen zuten pista handi bat dago, baina Lingotto inguruan bizi den jendeak ez ditu jada Lancia eta Ferrarien motor-burrundarak entzuten: fabrika gaineko pista ez da aspaldi handian garai iraganek utzitako nostalgiaren motorra martxan jartzeko aitzakia besterik.Orain hilabete batzuk, Gianni Agnelli hil berritan, Fiat-eko industria-gizon ahaltsuari buruz galdetu zioten Nanni Moretti zinegile, aktore eta gidoilari ezkertiarrari.Ez zela Berlusconi bezain txarra (è meno peggio di Berlusconi) erantzun zien kazetariei Caro diario (Egunkari maitea) film arrakastatsuaren egileak, distantzia markatuz bere klaseko printzipioak mozorrorik gabe ordezkatzen zituen Agnelli bezalako antigoaleko kapitalista baten eta eskrupulorik gabeko Berlusconibezalako iritsi berri baten artean.Giovanni Agnellik, Gianniren aitonak, Fiat enpresa (egin bedi!) sortu baino askoz ere lehenagokoa da Torino, jakina, baina ez dago gaurko Torino ulertzerikFiaten eta Agnellitarren itzal luzea sentitu gabe. Hedabideek, eskolek, modak, pinakotekek, fundazioek, unibertsitateko ikerketa-bekek, sukalderako lapikoek, moja-komentu eta elizetan egindako hainbat berrikuntzek, tonbolek, gaztetxoen futbol-zelaiek, zahar-etxeek, antzokiek, filatelia elkarteek, mendiko espedizioekÉ Ezkerreko taldeek eta sindikatuek ez beste zernahik darama hemen Agnellitarren marka: 1948 urtean, Togliattiren kontrako atentatuagatik Italia gerra zibilaren zorian zegoelarik, hainbat langilek Fiat fabrika hartu zuen. Vittorio Valletta gerenteak zertan ari ziren galdetu zienean, langileek: «Togliatti tirokatu dute. Fabrika hartu dugu». Eta gerenteak, Giovanni Agnelli patroiaren izenean ari zela argitu eta gero: «Ondo. Iskanbila hau guztia bukatzen denean, jakizue despedituak izango zaretela».Azoka-leku erraldoia fabrika zaharra izango da beti torinotarrentzat, hiriaren eta Agnellitarren arteko zilbor-heste eten ezina. Onerako eta txarrerako, gorrotoz zein maitasunez, kontra edo alde, fabrika zaharrarekin lotuta daude hiriaren iragan mendeko oroitzapen nagusiak.

Einaudi

Kronikaren hasieran Milango Feltrinelli argitaletxea aipatu badut, hogei bat urte lehenago Torinon jaiotako Einaudirekin bukatu behar dut: hogeigarren mendeko Torino ulertzerik ez badago Fiat fabrikarik gabe, ezta Einaudi argitaletxerik gabe ere. Luigi Einaudik argitaletxea sortzeko dirua jarri badu, Einaudik berak, Maximo Milak, Norberto Bobbiok eta Franco Venturik ideiak eta lana jarri dituzte. Komunistak dira guztiak eta bat datoz esaterakoan Antonio Gramscik kartzelan idatzitako kulturari eta politikari buruzko testuak izan dituztela argitaletxearen abenturan sartzeko ezten. Baina urte haietako katalogoari begiratzen bazaio, argitaletxea ez da batere sektarioa, orduko kulturaren ispilua baizik: anitza, zientzia berriei irekia, katoliko progresistei aterik ixten ez diena, liburu bakoitzaren maila intelektualari gehiago begiratzen diona adskripzio ideologikoari bainoÉ Ezkerrekoak izateari utzi gabe, eklektizismo politiko halako bat praktikatzen dute Einaudiko arduradunek eta kulturaren zorroztasun analitikoa bilatzen. Oreka zaila da, eta handik pixka batera argitaletxera hurbilduko diren izen handiko kolaboratzaileak ere Cesare Pavese, Italo Calvino, Natalia Ginzburg,Elio VittoriniÉ ez dira guztiak komunistak, baina bat datoz sortzaileak eta kolaboratzaileak puntu batean: faxismoa dute beren jardun kulturalaren etsaia.Ibilian-ibilian eta kontuok buruan, paseoak zentroraino eraman nau. Via Gramscitik pasatzerakoan, egunerokotasunak historiari probokatzen dizkion paradoxa horietako bat iruditu zait pentsalari ezkertiarraren kalea kontsumismoaren gailurra bihurtuta ikustea. Baina firma komertzial nagusien dendetako erreklamoetatik bi kale aurrerago dago Einaudi argitaletxearen liburu-denda nagusia, eta bertan sartu naiz mendeku txiki apal bat buruan nuelarik: azken nobedadeen farfaila atzean utzi eta fondoko liburuen bila hasi naiz. Gramsciren Quaderni del carcere erosi dut besteak beste. Gero, Via Gramsciko terraza batean garagardo bat eskatu, eta Gramsci irakurtzen aritu naiz. Kalean oso autobus gutxi zebilela iruditu zait.

Grafittiak



Graffitia, pintadaren izen internazionalena, italieratik hartua da, eta beti izan da boterearen kontra espresatzeko maneretako bat. Egunotan ikusi ditudan protesta politiko bakanak gerraren kontrakoak dira. Inbasori hitza ageri da pintada askotan. Bushen kontrakoak dira gehienak, baina Berlusconi ere ez da libratzen.Hoteletik gertu dagoen Institutu Politeknikoko horma handi batean Educatori di merda (hezitzaile kakatsuak) jartzen du.Maitasun-mezuak, eskatologikoak, kirol mundukoak, ulertzen ez nituenakÉ Ikusi ditudanen artean politena, 2006ko Olinpiar Jokoetarako egiten ari diren metroaren promoziorako paskin handi baten azpian ageri dena. La metro muove la città (Metroak hiria mugitzen du) dio paskinak. Eta azpian, esku anonimo batek letra gorriz idatzita: è vero!!! (egia da!!!).Porta Nuova geltokiko obra erraldoien aurrean dago paskina.

Togliatti



Bigarren Mundu Gerraren ondoren, De Gaspari kristauakministro izendatu zuen Palmiro Togliatti, PCIko idazkari nagusia eta «Italiako langile guztien buruzagia», Stalinen hitzetan. Segidan datorrena orduko eskuindarrek kontatzen zuten txiste itxura guztia duen anekdota bat da.Togliattik auto ofiziala lehendabizikoz hartu zuen egunean, gidariak esan zion:

Badakizu, jauna, auto hau lehen Clara Petaccik, Mussoliniren amoranteak, erabiltzen zuela?

Hara ba! Orain ulertzen dut zergatik dagoen kristal tzar hori gidari-langilearen eta bidaiariaren artean!

Beno, nahi baduzu, oraintxe bertan kenduko dut.

Uztazu, ez zaitut alferrik lanpetu nahi.Txistea izan ala anekdota, eskuinak aukera zuen guztietan alderatzen zituen Agnelli eta Togliatti, barregarri uzteko: Agnellik Fiat automobil-fabrika sortu bazuen Torinon, errazagoa jarri omen zion Stalinek Togliattiri: diktadoreak Stàvorpol hiriari Togliatti izen berria eman, eta automobil-fabrika bat sortu zuen bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.