Beñat Gaztelumendi

«Duela lau urte ez zen posible larunbatean gertatu zena»

Beñat Gaztelumendi Gipuzkoako bertsolari txapeldunari finalaren biharamunean egindako elkarrizketa argitaratuko du bihar BERRIAk. Gustura dago larunbatean egindako lanarekin, eta «fase bat itxi den sentipena» dauka.

Beñat Gaztelumendi Gipuzkoako bertsolari txapelduna, txapela eskuan, atzo, Donostiako Añorga auzoan. GORKA RUBIO / FOKU
2019ko abenduaren 16a
14:08
Entzun

Illunbe leku berezia da Beñat Gaztelumendi bertsolariarentzat (Donostia, 1987): bere bizitzako «unerik mugarrienak» bizi izan ditu han. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lau finaletan aritua da: bitan izan da txapelduna, eta bitan txapeldunordea. Larunbatean, Xabier Gaztelumendi aitak jantzi zion bigarren txapela. Bertsolariak badu une hartan zuen poza «ondo adierazten» jakin ez izanaren pena. Orokorrean, «kontentzio ariketa bat» egin zuen arratsalde osoan, bazuelako kezka bat: «Txapeldunaren aura horrek zenbaterainoko espazioa hartuko zuen txapelketan».

«Nahiko lauso» sumatu zuen bere burua lehen ariketetan, eta arratsaldeak aurrera egin zuenean lortu zuen «bertsolaritik» begiratzea finalari; «nahikoa kanpotik» entzun zuen. Gaztelumendik uste du finaleko bertsolari bakoitzak emateko zuenarekin osatu zutela finala, «denon artean». Lau gizon eta lau emakume aritu ziren kantuan, baina txapeldunarentzat ez zen final parekidea izan, «txapelketa bera ere ez delako izan». Kopuruak ekarri ditu gogora, baina, horietatik harago, «kualitatiboki» ere pausoak emateko beharra nabarmendu du: «Duela lau urte ez zen posible atzo gertatu zena, eta uste dut lau urte barru atzo gertatu ez ziren gauza batzuk gertatu beharko liratekeela».

Bertsolaritzan hiru lekutatik datoz berrikuntzak, txapeldunaren arabera: «Belaunaldi berrietatik, bertsolaritza hain trinko ez dagoen guneetatik, eta emakumeen aldetik». Horren erdian kokatzea nahi du berak. Txapelketari dagokionez, sumatzen ditu gauza positiboak, eta baita hobetu beharrekoak ere: «kanona dibertsifikatzen» ari da, baina «genero perspektiban» badago zer hobetua lehiaren testuinguruan. Berdin belaunaldi berriekin: «Badauka amets amerikarraren ukitu hori: bat-batean, hogei urterekin finalera iristen zara eta ate guztiak zabaltzen zaizkizu. Baina ez dut uste txapelketak gaur egun horretarako balio duenik, batez ere gure aurreko belaunaldiek hor jarraitzen dutelako eta gure belaunaldikook ere hor jarraitzen dugulako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.