Jendea hunkitu egin zen Paco Larrañagaren istorioari buruzko Ríndete mañana (Amore eman ezazu bihar) filmaren emanaldian, ostegunean. 14 urte daramatza preso, 2009ra arte Filipinetan (ama filipinarra du eta aita euskal herritarra), eta orduz geroztik Martuteneko presondegian (Gipuzkoa) dago. Urte askoan heriotza zigorrera kondenaturik egon da, eta Espainiako eta Filipinetako gobernuek lortutako akordio bati esker dago gaur egun Donostian. Heriotza zigorra kendu zion Filipinetako Gobernuak, baina, haren aurkako batere frogarik ez dagoen arren, espetxeraturik jarraitzen du, batzuek ala besteek erabaki bat hartu zain. Emanaldiaren osteko solasaldian, Larrañaga bera izan zen hizketan, espetxetik ateratzeko baimen bati esker. Jendeak gogo onez hartu zuen presoaren parte hartzea. Emakume heldu batek, Viktoria Eugeniako antzokiko aulkitik altxatuta, esan zuen «bertan bahitu» beharko zuketela denen artean, harik eta gobernuek aske dagoela esan arte.
Michael Collins estatubatuarrak zuzendutako Ríndete mañana-k eskuratu du Donostiako Giza eskubideen X. Zinemaldiko film onenaren saria. Ikusleen puntuazioek ematen dute sari hori. Batez beste, 9,32 puntu eskuratu ditu filmak, eta atzean utzi ditu beste 13 film. Bigarren postuan geratu da Jon Maiak zuzendutako Gazta zati bat(9,19 puntu) eta Alvaro Longoria espainiarraren Hijos de las nubes, la última colonia (9,09 puntu).
Zinemaldiko beste sari nagusia Amnesty International (AI) erakundeak ematen du. Aurtengoan Fernand Melgar suitzarraren Vol spécial lanak eskuratu du sari hori. Suitzako atzerritarrentzako barneratze zentro bateko egunen joan-etorriak sortutako dinamika narratiboa da istorio garratz horren ardatza. «Protagonisten ahotsak, duina batzuetan baina menderatua eta makurtua besteetan, ikusleei gogorarazi die gaurko krisi ekonomiko edo gerra garaiek sortutako egoera larrienetan ere beharrezkoa dela gutxienezko giza duintasuna bermatzea eta gatazken degradazioa saihestea giza eskubideetan eragin zuzenik gerta ez dadin», dio AIko kideez osaturiko epaimahaiak filmaren inguruan kaleraturiko oharrean.
Film labur onenaren saria Paul Urkijo zinemagile gasteiztarraren Los monstruos no existen lanari eman dio 18 eta 30 urte bitarteko 122 gaztez osaturiko epaimahaiak. Kanbodiako haur baten istorioa kontatzen du film laburrak. Amesgaiztoak izaten ditu munstro batekin, eta eskolako irakasle batek esaten dio halakorik ez dela existitzen.
Aurtengo zinema jaialdiak %40ko murrizketa izan du aurrekontuan, baina, hala ere, jendeak «oso ondo» erantzun duela esan du Josemi Beltran jaialdiko arduradunak. «Beste zinema bat posible dela erakusten du jaialdiak». Hala ere, ohartarazi du «jaialdiak jaialdi izaten jarraitu nahi badu» murrizketa gehiago ezin duela izan.
Larrañagaren heriotza zigorrari buruzko filma saritu dute
'Ríndete mañana' gailendu da Giza Eskubideen jaialdian, Jon Maiaren 'Gazta zati bat' filmaren aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu