Bertsolaritza

Larunbatean abiatuko da, Lizarran, inoizko Nafarroako Bertsolari Txapelketarik handiena

31 bertsolarik parte hartuko dute bederatzi saiotan, eta martxoaren 23an jokatuko da finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Udazkenean izango den Bertsolari Txapelketa Nagusirako txartela eskuratuko dute lehen lau sailkatuek.

Inigo Astiz
2013ko urtarrilaren 29a
16:19
Entzun

Gorantz doa bertsoa Nafarroan. Gero eta gehiago dira bertsozaleak, gero eta gehiago bertso eskolak, eta gero eta gehiago bertsolariak ere. Hori da, behintzat, Nafarroako Bertsolari Elkarteak egin duen diagnosia, eta azaldu du bolada horren zergatia ere: urtez urte egindako transmisio lana. Sekula baino handiagoa izango da horregatik aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Taldekako txapelketa egin zuten iaz lehenengoz, eta urteroko zita izan beharrean, bi urtean behineko bihurtu zen banakakoa. Asteburu honetan abiatuko da aurtengoa, eta inoiz baino bertsolari gehiago arituko dira kantuan: 31, guztira. Inoiz baino saio gehiago izango dira, eta inoiz baino bilgune handiagoa izango du finalak. Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko dute, martxoaren 23an.

Hedapen lan horrekin jarraitu nahi dute, ordea, antolatzaileek, eta Nafarroako bederatzi gunetara eramango dute horregatik txapelketa. Lizarra, Aldatz, Larraintzar, Ituren, Zubiri, Atarrabia, Etxarri Aranatz, Elizondo eta Iruñera. Hemen dago saio bakoitzari buruzko informazioa, eta bertan izango diren bertsolarien zerrenda ere bai. Bost final-laurdeneko saio egingo dituzte, hiru finalaurreko eta finala azkenik. Lehen fasean saio bakoitzeko lehen bertsolaria eta hamabi puntuazio onenak jaso dituztenak pasako dira finalaurrekoetara. Eta emanaldi horietako bakoitzeko lehenak eta bost puntuaziorik onena lortu dutenak pasatuko dira finalera.

Bertsolari guztiek hasiko dute txapelketa lehen fasetik, orain bi urteko txapelketako txapeldunak izan ezik. Julio Sotok ezik, alegia. Finalaurreko fasean hasiko du hark lehia. Antolatzaileek faboritorik aipatu ez badute ere, badira batzuk. Eta Sotorena da zerrenda horretan pisua duenetariko bat. Harenak dira Nafarroako banakako txapelketako azken bi txapelak, eta plaza franko eginak ditu geroztik. Baina ez da hura faborito bakarra. Bada lehiaketan aurrez txapelarik jantzi duen beste bertsolaririk ere. Xabier Silveirak sei txapel irabaziak ditu, eta estu hartu zuen Soto orain bi urte Labrit pilotalekuan jokatutako finalean. Julen Zelaieta beratarra ere gogor dabil entrenatzen, bestetik, eta badu txapel bat jantzia, 2008koa. Eta bada, gainera, zenbait urtez txapelketan izenik eman ez eta aurten itzultzea erabaki duen bertsolari sorta bat ere: Erika Lagoma eta Joxema Leitza dira horren adibide. Esperientzia badute txapelketan haiek ere. Halere, guztiek egin beharko dute gora saioz saio, finalera heldu ahal izateko.

Sarean jarraitzeko

Urteak dira txapelketa sareratzeko esfortzua egiten dabiltzala, eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Saioetara heltzerik ez duenak Internet bidez ere egin ahalko du txapelketaren jarraipena Bertsoa.com webgunean. Hor jarriko dituzte emanaldien laburpenak. Nafarroakotxapelketa.com orrialdean emango dute egutegiaren eta saio bakoitzean arituko den bertsolariei buruzko informazioa, baita txapelketaren historiari buruzkoak ere. Tokian tokian erosi ahal izango dira sarrerak, bestalde, baina Bertsosarrerak.eu webgunearen bidez ere lortu ahalko dira tiketak.

Sare soziala izango da aurtengo txapelketaren leloa. Lehia baino gehiago, bertsolaritzaren inguruan sortzen den elkarlana nabarmendu nahi izan du horrela Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak. Gai-jartzaileek, bertsolariek, bertsozaleek, epaileek eta bertsoaren inguruan ibiltzen diren pertsona horiek guztiek osatzen duten komunitatea, hain zuzen ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.