Miribillako Bilbao Arena pabilioian jokatuko dute, 17:30ean hasita. Igor Elortzak ohartarazi du “Igor Elortzarik onena eta lehiakorrena” ateratzen ahaleginduko dela, Durangoko saioan eginiko lanarekin ez baitzen gustura geratu. “Jarrera epela izan nuen”, esan du. Arkaitz Estiballesek, berriz, gogoa du finala pasatzeko. “Baina horrek ez du esan nahi finalera gogo barik joango naizenik”, nabarmendu du duela bi urte txapeldun izandakoak.
Jone Uriarentzat “bada nahiko sari finalera sailkatu izana”. “Duela bi urte asko disfrutatu nuen, eta final honetan ere horrela izatea nahiko nuke”. Beste finalistetako batek, Miren Amurizak, uste du “igarri egingo dela finala parekidea izango dela”. Horri dagokionez, Onintza Enbeitak ez daki finala historikoa izango ote den. “Argazkia bai, ordea”. Iratxe Ibarra “pozik” da, “helburu nagusia” lortu duelako: “Orain dela bi urteko arantza atera dut, finalera iritsita”.
Halaber, Etxahun Lekuek “egun on bat” pasatu nahiko luke larunbatean. Eta Fredi Paiak bestelako erronka jarri dio bere buruari. Krisi ekonomikoak eta gatazka politikoak egunerokoa horrenbeste iluntzen duten honetan, “aterako diren gaiei beste ikuspegi bat” eman nahiko lieke bertsolariak; “eta esperantza transmititu, hiru orduz bada ere”.
Bilbao Arenako ateak 16:00etan irekiko dituzte. Baina sarrerak goizetik erosi ahal izango dira txarteldegian. Nolanahi ere, aurrez erosteko aukera ere bada, www.bertsosarrerak.eu webgunean.
Bertsolaritza
Larunbatean jokatuko dute Bizkaiko Txapelketako finala
Bertsolaritzaren historiako aurreneko final parekidea izango da: Onintza Enbeita, Iratxe Ibarra, Miren Amuriza, Jone Uria, Fredi Paia, Etxahun Lekue, Arkaitz Estiballes eta Igor Elortza lehiatuko dira. Jon Lopategik jantziko dio txapela irabazleari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu