Musika

Lasaiago, hobeto

Arratsaldearen lasaitasunetik gauak eztanda egin zuen arte igaro zen Azkena Rock jaialdiko bigarren jardunaldia. The Pretenders, Incubus eta, batez ere, Calexico gailendu ziren beste izenen artean.

Incubus taldearen kontzertua, atzo, Gasteizko Azkena Rock jaialdian. RAUL BOGAJO / FOKU
Iñaki Lasa Etura.
2023ko ekainaren 17a
14:16
Entzun

Igo bolumena, zorroztu gitarrak, astindu atabalak gogor eta oihukatu eztarria urratu arte. Edo ez. Rocka ez baita beti zarata. Rocka izan daiteke lasaitasuna, armonia, melodia. Eta horrek ez du zertan izan «gutxiago gehiago da» filosofiaren aldarrikapena, rock lasaia egiteko elementu ugari zaindu behar direlako. Salbuespenak salbuespen, lasaitasunaren zidor askotarikoetatik mugitzen diren rock taldeak aritu ziren Mendizabalan Azkena Rocken bigarren jardunaldian, Gasteizen. Gaur amaituko da jaialdia, aurtengo bi kartel-buru nagusienekin: Lucinda Williams eta Iggy Pop. Haiez gain, beste hainbat musika talde interesgarri igoko dira oholtzara: Melvins, The Nude Party, Ezpalak, Nat Simmons & Cherie Currie, King Salami & The Cumberland Three...

Zidor klasikoena hartu zuen The Pretendersek, Crissie Hyndek gidatutako laukoteak. Hain bide lasaia, non izan den laidoztatua ere zenbaitetan. Ostiraleko kartel-buruak, baina, ez zuen hutsik egin. 45 urteko ibilbide oparoak abesti zerrenda sendoa aurkezteko aukera ematen du, eta hala izan zen: Don’t Get Me Wrong, Turf Accountant Daddy, Message Of Love, I’ll Stand By You... Aski ezagunak, guztiak. The Pretenderseko kideak, baina, ez dira errentatik bizitzearekin konformatu, eta musika sortzen jarraitzen dute. Horren erakusle irailean argitaratuko duten Relentless diskoa, zeinetik jo zituzten aurrerapen abesti batzuk. Berririk onena: kanta berriek ondo eusten diote erronkari, eta ez ziren lekuz kanpo sentitu kontzertuan.

Ezusteko zidorra hartu zuen Calexicok. Cumbia Azkena Rock Jaialdian? Bai, cumbia Azkena Rock jaialdian. Eta rockzale porrokatuena ere dantzan Calexicoren erakustaldiarekin. El mirador izeneko diskoa argitaratu berri du Joey Burnsen eta John Convertinoren taldeak, eta lan horretako hainbat abesti eskaini zituzten. Gitarrak, eskusoinua, bibrafonoa, tronpetak, moldaketa aberatsak... Jardunaldiko kontzertu onenetakoa izan zen. Amaiera aldera son kubatarrari ere heldu zioten, Buena Vista Social Club taldeak ezagutarazi zuen El cuarto de Tula abestiarekin.

Ez zen El cuarto de Tula Mendizabalan entzun zen une bakarra izan. Lehenago, arratsalde hasieran, abesti horrekin itxi zuten haien emanaldia Cordovasko kideek. Zidorrik azkeneroena izan zen haiena, nonbait. Izan ere, lehen ilaretan zen batek baino gehiagok esan zuen «Talde hau oso Azkena da, ez?». Zer den oso Azkena izatea? Batek daki, baina honako elementuak ditu Cordovasek: AEBetako hegoaldeko doinuak, gitarren nagusitasuna, soloak era oso organikoan txertatzeko abilezia, melodia asko, koru onak eta aho zapore gozoa uztea.

Bakoitzak bere erara, baina, rockaren zidor lasaietan murgildu zituzten zaleak The Soundtrack of Our Lives, The Guapos eta Pasadena taldeek. Etxean egonik, eguneko lehen kontzertuetako bat eskaini zuten Libe Garcia de Kortazarrek eta Jon Basagurenek. Malenkoniarekin lotuta dago kolore urdina, eta akaso horregatik aritu ziren urdinez jantzita biak. Sima, Zerua ireki, Bihotz taupada eta labana... Pasadena eta Izpia lanetako abestiak jo zituzten. Oholtza berean aritu ziren The Guapos, sarreratik gertuen dagoena. Leiva bateria jotzaile gisa duen taldea baina askoz gehiago direla erakutsi zuten, irudia eta soinua oso zaindua izan zuen kontzertuan. The Soundtracks of Our Lives taldearen itzulerarekin amaitu zen Azkena Rock jaialdiko bigarren jardunaldia. Ebbot Lundbergen mistizismoa itzali gabe dago oraindik, eta taldea bera ere forman dago.

Incubus, ekaitz perfektua

Rockaren lasaitasunetik aldenduta, kontzerturik esperoena zen Incubusena, eguneko bigarren kartelburua. Brandon Boyd abeslaria gaixo zegoenez, Gasteizkoaren aurreko emanaldi guztiak bertan behera utzi zituzten, eta, ondorioz, ez zegoen batere argi Azkena Rocken jotzeko moduan egongo ziren, ezta ere abeslariaren osasun arazoek zenbateraino baldintza zezaketen zuzenekoa. Bada, mamuak uxatuta, ikusgarri aritu zen taldea, eta Boyd bera ere osasunez askoz hobeto dagoela berretsi zen.

Nu-metala puri-purian zegoen garaian ezagutarazi ziren Incubus, baina beti aldendu ziren apur bat musika mota horren zurruntasunetik eta libreki txertatu zituzten rock klasikoago baten elementuak scratch eta oihu artean. Emanaldia Karma, come back berriarekin hasi bazuten ere, segituan pasatu ziren kantu klasikoetara. Make Yourself (1999) eta Morning view (2001) diskoetako abestiak jo zituzten bereziki. Behetik gora egin zuen kontzertuak, hasierako lasaitasunetik (zaleek primeran hartu zituzten Anna Molly eta Nice to know you bezalako doinuak) amaierako eztandara. Vitamin, Are you in?, Pardon me, Stellar, Dig, Wish you were here eta Drive, bata bestearen atzetik jotzen amaitu zuten zuzenekoa. Talde batek halako intentsitatea duenean soilik amaitu daiteke kontzertu bat ageriko balada batekin, eta hala ere Mendizabala guztia hankaz gora jarri.

Zidor deskribaezinena izan zen Gwarrena. Hori da ikuskizuna! Nola azaldu, bestela, Mendizabalan ordu txikitan jazotakoa. Putinen, Charles erregearen eta Elizabeth II.aren erailketak, motozerrak munstroen buruak mozten, odola nonahi... Ah! Eta hard rocka eta heavy musika. Ez ahaztu, funtsean musika kontzertu bat zela. B serieko filmek musikan baliokiderik balute, Gwar hor sailkatuko litzateke.

Izan zen ere zidor ilunenen eta hezeenean aritu zenik. Bi zirku karpez osatutako gunea da Thrasville, eta txiki geratu zen hainbat kontzertutan atzo. Askok ezin izan zituzten ikusi Los Tiki Phantomsen eta The Reverend Peyton’s Big Damn Band taldeen kontzertuak, eremua dagoeneko beteta zegoelako.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.