Usu ospakizun eta omenaldiak egiteko aitzakia handirik ez da behar, baina Latinoamerikako kulturen Miarritzeko jaialdia ez da kasu horretan. Ospakizun berezirik ez du pentsatu bere hogei urteetarako, nahiz eta aurten 20 urte izenburua eman. Astelehenean hasi eta urriaren 2ra arte, usaian bezala, zinema, musika, erakusketa, literatura eta publikoarekiko trukean oinarrituko da jaialdia, eta 600.000 euroko aurrekontua izango du guztia lotzeko.
Iraganari so egitea baino gehiago, geroari begira jarri nahi duela esplikatu du jaialdiaren ordezkari nagusi Marc Bonduelek. «Gure xedea jaialdiaren berritzeko gaitasuna erakustea da. Talentu berriak aurkeztea».
Jaialdiaren oinarria egiten duen zinemari dagokionez, adibidez, fikzioen sailean hamar filmetatik zortzi lehen filmak dira. Latinoamerikako egileentzat erreferentzia bat izaten segitzea ere nahi du jaialdiak. Eta horren adierazle, Bonduelen iduriko, fikzioko epaimahaiburua Ricardo Darin aktore argentinar famatua izanen da. Fikzioen lehiaketan parte hartzen duen Arturo Ripstein zuzendari mexikarra ere adibidetzat hartu du Bonduelek. Aipatzekoa da Miarritzera ekarriko duen Las razones del corazón Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean lehiatuko dela. Aurtengo jaialdia aitzineko urteen jarraipen bat bezala aurkeztu du, ororen buru, ordezkari nagusiak, «performantzian baino gehiago jarioaren kudeaketan» ari direla zehaztuz. Iaz 27.000 sartze ordaindu izan zituen jaialdiak, aitzineko urtean baino 2.000 gehiago. Eta horrekin kontent dira antolatzaileak, «garrantzitsuena bertaratzen dena gustura egotea eta aste atsegina iragaitea» dela.
Mexiko, protagonista
Aipatzeak dira ere, agian, jaialdiak aurten hartu behar izan dituen bihurgune zailak. Batetik, Frantziako Gobernuak abiatu zuen Mexikoren urte nagusiaren ekimenaren barnean parte hartu behar zuen jaialdiak. Baina deuseztatu zen azkenean urte berezia. Eta jaialdiak pentsatu hainbat ideia erori zitzaizkion. Hala ere, Mexiko protagonistetako bat izanen da aurten, besteak beste, Mexikoko borroka librea kirolari emanen dioten lekuarengatik, gaia jorratzen duten hainbat filmez gain, erakustaldiak eginez. Argazki erakusketak gaur egungo argazkilari mexikarrak bilduko ditu baita.
Beste aldaketa zuzendaritzan datza. Azken urteetan zuzendari artistikoa zen Jean-Christophe Berjon joan zaie, Mexikoren enbaxadan lan egiteko. Haren ordez, Ikusleen Batzorde bat osatu dute Announchka de Andrade, Raphaele Monnoyer eta Lucile de Calan-ek. Hauek fikzioaz dira arduratzen. De Andradek iragarri du: «Artistikoki indartsuak diren filmak» hautatu dituztela. Pablo Giorgelli argentinarraren Las acacias eta Eryk Rocha brasildarraren Transeunte aipatu dituzte —Glauber Rocha zinemagilearen semea da Eryk—. Fikzioen ondoan, aurten, dokumentalek usaian baino gehiago nabarmendu nahi dituztela azaldu du Bonduelek. Horien artean, Gianfranco Rosi mexikarraren El sicario: room 164. Hiltzaile baten lekukotasun zuzena ekartzen du horrek. Arrunt beste estilo batean Mexikoko Fernando Lopez Castillo eta Nieves Prieto Tassieren El tren de las moscas aipatu dute. Ameriketako Estatu Batuetara iristeko Mexiko zeharkatzen duen trena hartzen dutenak ditu oinarri.
Latinoamerikako kulturen jaialdiak 20. ekitaldia hasiko du astelehenean
Zinema, musika eta erakusketak prestaturik, Miarritzeko festibalak ez du besta berezirik antolatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu