Donostiako 65. Zinemaldiak lehiaz kanpoko lau emanaldi berezi izango ditu Sail Ofizialean aurten. Orain dela aste pare bat iragarri zuten Morir (Fernando Franco) ekoizpen espainiarra emango zutela, eta gaur goizean jakinarazi dute beste hiru film emango dituztela Sail Ofizialean.
Au revoir là-haut Pierre Lemaitrek idatzi eta Goncourt sari ospetsua irabazi zuen eleberriaren egokitzapena da, eta Albert Dupontelek (Saint-Germaine-en-Laye, Frantzia, 1964) zuzendu du. Haren lehen filmak (9 mois ferme, 2012) amaiera eman zion 2013ko Perlak sailari, eta gidoi onenaren eta emakumezko aktore onenaren (Sandrine Kiberlain) Cesar saria jaso zuen.
Wonders of the Sea 3D, Arnold Schwarzeneggerrek (The Terminator, Total Recall) ekoitzi eta kontatutako filma, hiru urtez filmatu da, Fiji eta Bahametako urpeko itsasoetan. Jean-Michel Cousteau (Toulon, Frantzia, 1938) esploratzaile eta ekoizleak, Jaques-Yves Cousteauren semeak, Jean-Jacques Mantello izan du zuzendarikide film honetan. Mantello aitzindaria izan da urpeko hiru dimentsioko zinemagintzan; haren lanen artean, kasurako, 2009an Belodromoan proietatutako Ocean World 3D filma dago.
Kimi no Na Wa / Your Name iaz estreinatu zen Donostian, eta Japoniako animazio film arrakastatsuena da. Filmaren ekoiztetxeak Uchiage hanabi, shita kara miruka? Yoko kara miruka? / Fireworks, Should We See it From the Side or the Bottom? aurkeztuko du aurten. Akiyuki Shinbok (Fukushima, Japonia, 1961) eta Nobuyuki Takeuchik zuzendua. Shunji Iwai-ren izen bereko telesaila da filmaren oinarria.