Laugarren aldia da Donostiako Zinemaldiak Berlingo zinema jaialdiarekin eta Basque Culinary Centerrekin batera sail hau antolatzen duela. Horren helburua da bat egitea Euskal Herriko zinema ekitaldirik behinenak eta munduan Michelin izar gehien biltzen duen eskualdearen aberastasun gastronomikoak.
Aurtengo emanaldiak irailaren 20an hasiko dira, The Hundred-Foot Journey filmarekin, eta beste sei film luzek eta lau laburrek jarraituko diote horri. Film sorta horrekin batera, ohi denez, nazioarteko ospea duten hainbat sukaldarik prestatutako afari tematikoak eskainiko dira Ni Neu, Tenis Ondarreta eta Mirador de Ulia jatetxeetan.
Aurten, gainera, bada berrikuntzarik. Izan ere, lehendabizikoz, Tokyo Gohan Film Festivalekin lankidetzan aritzeari ekin dio Culinary Zinema sailak. Hala, Tokyo Gohan Film Festivalek aukeratutako epaimahai batek 10.000 euroko saria emango dio Culinary Zinema sailean programatutako film bati.
Film luze eta labur hauek izango dira ikusgai: The Hundred-Foot Journey (Lasse Hallstroem, AEB); Nerua, un viaje a la esencia (Ivan Miñambres Urkijo, Euskal Herria), Buscando a Gastón ( Patricia Perez, Peru-AEB), Brooklyn Farmer (Michale Tyburski, AEB), Foodies (Thomas Jackson, Charlotte Landelius, Henrik Stockare; Suedia-Herbehereak); Hozour/Presence (Hossein Rasti, Iran), Little forest- Natsu& Aki / Little forest- Summer/ Autumn (Junichi Mori, Japonia); Recipe (Eric Khoo, Singapur); Soul of a Banquet (Wayne Wang, AEB); Steak (R)evolution (Rebiere Franck, Frantzia); Txipirones en su tinta (Xabier Gutierrez Marquez, Espainia).
Eta sukaldari hauek izango dute afari tematikoak prestatzeko ardura: Gaston Acurio, Mikel Gallo, Nacho Manzano, Jakob Mielcke, Francis Paniego, Kevin Patricio, Kenji Takashashi eta Ruben Trincado.