Lauaxetaren jaka soinean

Olerkari bizkaitarrari omenaldi berezia egingo diote hainbat musikari eta idazlek aurtengo Literaturia jaialdianEuskal argitaletxeek lan berri ugari aurkeztuko dituzte Larrabetzuko azokan

Literaturiako sustatzaileak, Bilboko Kafe Antzokian egindako agerraldian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Oso istorio berezia duen jaka batekin osatu du Unai Iturriagak aurtengo Literaturia jaialdiaren kartela: Gernikako bonbardaketaren ostean atxilotu zutenean Lauaxetak jantzita zeraman gabardina da. Rafa Rueda musikariak azaldu duenez, «pertsona batek eduki du gordeta urteetan, eta aurten erabaki du gabardina gizarteratzea».

Jakaren istorioa oinarri hartuta, olerkariaren jaiotzaren urteurrenean Ehungarrenean hamaika proiektuari bizia eman zioten musikariek kontzertua emango dute ekainaren 1ean, Larrabetzuko plazan (Bizkaia). Halaber, bideo emanaldiek eta poesia irakurketek osatuko dute ekitaldia, Edorta Jimenezen narrazioa ardatz hartuta. Ruedaren hitzetan, «poesia, musika eta Lauaxetaren gabardinaren istorio berezia uztartuko dira».

Maiatzaren 31tik ekainaren 3ra egingo da aurtengo Literaturia, eta parte hartuko duten hainbat elkartek zein norbanakok egitarauaren aurkezpena egin zuten atzo, Bilboko Kafe Antzokian. Larrabetzuko Literatura Eskolako kide Oier Guillanek nabarmendu duenez, «elkarlan zabal baten emaitza da Literaturia». 2009an abiatu ostean, aurtengoa laugarren ekitaldia du euskarazko literaturaren jaialdiak. Hala ere, Larrabetzuko kaleak letraz bete aurretik, Donostian hainbat liburu aurkeztuko dituzte euskal argitaletxeek Literaturiaren testuinguruan.

Hala, Txalapartak Joxe Azurmendiren Bakea gudan. Unamuno, historia eta karlismoa lana aurkeztuko du Gipuzkoako hiriburuan, maiatzaren 28an. Elkarrek, ostera, Pako Aristik eta Mikel Markezek idatzitako Plazer bat izan duk, Benito liburua ezagutaraziko du. Azkenik, maiatzaren 30ean hainbat argitaletxek lan berriak plazaratuko dituzte: Susak Itxaro Bordaren nobela berria —Boga boga izenekoa— aurkeztuko du; Iñigo Rokek euskaratutako Fernando Pessoa olerkari portugaldarraren antologia bat argitara aterako du Denon Artean argitaletxeak, eta Utriusque Vasconiaek Fito Rodriguez eta Mitxelko Urangaren lan berriak plazaratuko ditu.

Gogoeta zikloaren hasiera

Durangoko Azokako zuzendari Aiert Goenagak jakinarazi du 2012ko Literaturiak izango duen beste berritasun nagusia. Izan ere, azokako antolatzaileek sortutako Askara zikloa Larrabetzun abiatuko da. «Lau mahai inguruko ziklo bat izango litzateke, eta haren funtzioa euskal kulturgintzaren inguruko hausnarketa gune berri bat zabaltzea da», azaldu du Goenagak. Hortaz, Azpeitian, Donostian eta Gasteizen ere mahai inguruak antolatuko dituzte, eta, gerora, jasotako emaitzak Durangon kaleratuko dituzte.

Bestalde, 111 Akademiako kide Amaia Goikoetxeak Euskal Herriko irakurle taldeen hirugarren mahai ingurua aurkeztu du: «Aurten proposatu dugu irakurle taldeetan irakurtzen den horri buruz hitz egitea: zer liburu mota irakurtzen den, zer genero mota lantzen den. Eta garrantzitsuena: irakurtzen den hori zeren arabera aukeratzen den».

Hurrena, Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarte EHAZEko presidente Josu Camarak hartu du hitza. Ekainaren 1etik 3ra irekita egongo den liburu azokan EHAZEk berezko postua izango duela nabarmendu du. Horrez gain, Kukubiltxoren Inorako bidaia antzezlanaren testua estreinakoz Literaturian ikusi ahal izango dela iragarri du Camarak.

EIZIEko kide Miren Ibarluzeak, berriz, itzultzaileen figura goraipatu du: «Idaztearen eta irakurtzearen artea transmititzen dute, itzaletik». Ibarluzea izango da ekainaren 3an egingo den mahai inguruko moderatzailea, zeinean Unai Elorriagak, Iban Zalduak, Iñigo Rokek eta Xabier Mendigurenek parte hartuko duten.

Azkenik, Larrabetzuko herri elkarteen izenean, Ines Serranok eta Leire Etxeberriak azpimarratu dute bisitariak hartzeko azpiegiturak «prest» daudela, eta literaturaren maitaleak Larrabetzun «egun osoko plana» egitera animatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.