Kultura

Lauaxetari omenaldia egin diote Gasteizen, fusilatu zuten lekuan

Gaur 68 urte fusilatu zuten frankistek Estepan Urkiaga 'Lauaxeta' euskal poesiari bide berriak zabaldu zizkion olerkaria, Gasteizen, Santa Isabel kanposantuko kanpoaldeko horma batean. Leku hartantxe egin diote gaur omenaldia idazle handi ez ezik, politikari abertzale izan zenari. Laukiz eta Mungiako udalek antolatu dute ekitaldia —Laukizen sortu eta urte askoan Mungian bizi izan zen—, eta EAJko, Batasuneko eta EAko buruzagiek ere parte hartu dute. Abuztuaren 3an Lauaxetaren jaiotzaren mendeurrena beteko da.

2005eko ekainaren 25a
16:54
Entzun
Goizeko bederatzi eta erdietan hasi da Gasteizko Santa Isabel kanposantuko kanpoaldeko horman, Lauaxeta fusilatu zuten lekuan, omenaldia. Lehendabizi, Mungiako Abesbatzak kantatu du; ondoren, Lauaxetaren zenbait poema irakurri dituzte, eta, azkenik, Dana emon behar jako maite dan askatasunari jartzen duen plaka agertarazi dute; hau da, Lauaxetaren Mendigoxaliarena poemako ahapaldi ezaguna.

Laukiz (Bizkaia) sorterriko eta hainbat urtez bizileku izan zuen Mungiako (Bizkaia) udalek antolatu dute omenaldia. Nolanahi ere, EAJk, Batasunak eta EAk ordezkaritzak bidali dituzte. Jeltzaleen buruzagi nagusiak —Josu Jon Imaz EBBko presidentea, Josune Ariztondo EBBko idazkaria eta Iñigo Urkullu BBBko lehendakaria—, Batasuneko Jone Goirizelaia eta Rakel Peña, eta Gasteizko EAko Andoni Perez Cuadrado eta Jesus Mari Ruiz Alegria izan dira ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.