Zinemaldia. Sail ofiziala

Laudorio artean hartu dute 'La trinchera infinita'

Aitor Goenagak, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako filmaz gain, Das Vorspiel eta La mu yu ga bei ere estreinatu dituzte.

La trinchera infinita pelikulako lantaldea, atzo, Zinemaldian. JON URBE / FOKU
Miren Garate.
2019ko irailaren 22a
16:45
Entzun

"Ilusioarekin gaude. Orain arte, Loreak eta Handia-rekin, ondo joan da, baina sekula ez dakizu hurrengoa nola joango den. Horrek eragiten digu urduritasuna", aitortu zioten Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño zuzendariek BERRIAri orain egun batzuk egindako elkarrizketan. Ikusminik handiena eragiten zuen Zinemaldiko estreinaldietako bat zen. Eta estreinaldiaren osteko erreakzioek eta kritikariek idatzitakoek erakutsi dute jendeari asko gustatu zaiola Moriartikoen azkena.

Azkeneko hiru film luzeak euskaraz egin eta Euskal Herrian girotu ondoren, Espainiara jo dute oraingoan. 1936an hasten da filma, Espainiako gerra piztu berritan. Higinio Blanco errepublikazalea (Antonio de la Torre) atxilotu egingo dute tropa nazionalek. Kamioian daramatela, ihes egin, eta etxean egindako zulo batean ezkutatuko da, Rosa emazteak (Belen Cuesta) lagunduta. Barne itxialdi bat hasiko du, 33 urte iraungo duena, 1969ra arte. Abiapuntua hori izanik ere, ez dela gerra hari buruzko "film bat gehiago", horixe izan da gehien errepikatu den ideietako bat. Izan ere, beldurra da filmaren ardatza, beldurra modu oso zabalean ulertuta.

Urrezko Maskorra lortzeko lehian ariko diren beste bi film ere eskaini ziren atzo. Ina Weisse zuzendari alemaniarrak Das Vorspiel ekarri du Donostiara. Anna Bronsky (Nina Hoss) musikako institutu bateko biolin-irakaslea da protagonista. Gainerako irakasleak kontra agertu arren, eskolan mutil bat onar dezatela lortuko du, talentu nabarmena duela sumatu baitu. Ordutik aurrera ardura handiz lan egingo du mutilarekin irakasleak, eta azkenean bere familiari baino kasu gehiago egingo dio. Estreinaldiaren osteko prentsaurrekoan Weisse zuzendariak esan zuen "aktoreei espazioa ematen" saiatu dela filman. Hain zuzen, 2014ko Zinemaldian, aktore emakume onenaren saria eskuratzeko hautagaietako bat izan zen Das Vorspiel-eko protagonista nagusiarena egiten duen Hoss, Phoenix filman egindako lanagatik.

Sonthar Gyal zuzendari tibetarrak, berriz, La mu yu ga bei lana estreinatu zuen sail ofizialean. Lhamo eta Skalbe dira istorioko protagonistak. Ez dute ezkontzea lortzen, Skalbek jadanik ezkontza bat erregistratuta duelako. Skalbe emazte ohiaren bila abiatzen denean, jakingo du konbentu batean sartu zela hura ezkondu eta gutxira. Lhamo ere urrundu egingo da bikotearengandik, opera tibetar batean entsegatzeko, eta pixkanaka ezkontzari dion beldurra ere azaleratzen hasiko da. "Ez da maitasun istorio perfektu bat", nabamendu zuen zuzendariak, eta gaineratu zuen kulturalki ez dagoela ondo dagoenari eta gaizki dagoenari buruzko estandar bat, ez dagoela ezer egokirik eta desegokirik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.