Zinema

Laurie Anderson eta Walter Sallesen filmak Zabaltegi sailean emango dituzte

Jem Cohen, Anca Damian, Marco Berger, Andres di Tella, Eric Khoo, Alexander Sokurov eta Corneliu Porumboiren azken lanak ere saileko 24 pelikulen artean daude.

Laurie Andersonen "Heart of a Dog" filma. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Juan Luis Zabala
2015eko abuztuaren 10a
17:02
Entzun

Walter Sallesen Jia Zhang-k, un homem de Fenyang, Laurie Andersonen Heart of a Dog, Jem Cohenen Counting, Anca Damianen Muntele Magic, Marco Bergerren Mariposa, Andres di Tellaren 327 cuadernos, Erik Khooren In The Room, Alexander Sokuroven Francofonia eta Cormeliu Porumboi Comoara dira Donostiako Zinemaldiaren aurtengo ekitaldiko Zabaltegi sailean emango diren filmetako batzuk. Orotara, 24 film emango dira Zabaltegin. Horietako sei (Espainian ekoitzitakoak) aurretik zeuden iragarriak, eta gainerakoen berri gaur eman dute antolatzaileek. 

Fikziozko film luzeak, dokumentalak, animaziozko zinema eta film laburrak daude Zabatlegirako hautatuen artean, "guztiak ere egungo zinemagintzak duen bizitasunaren erakusgarri", antolatzaileen esanetan.

Saileko film guztien lehendabiziko emanaldia Tabakaleran izango da, sorkuntza eta kultura garaikideko zentroan. Autengo ediziotik aurrera, Zabaltegiren egoitza izango da, izan ere, Tabakalera.

Honako hauek dira Zabaltegirako iragarritako 18 film berriak.

327 Cuadernos (Andres Di Tella, Argentina-Txile)
Andres di Tellaren dokumental honek Ricardo Piglia du protagonista. Espainieraz idazten duen narratzaile ezagunenetako bat da Piglia, eta lehendabizikoz bere egunkari intimoa goitik behera berrikusten hasiko da: 50 urte luzez bizi izandakoaren kontakizuna, hain zuzen. Guztira 327 koaderno berdin dira, oihal ziratu beltzez estalitako taparekin, kartoizko 40 kaxatan gordeta.

Adama (Simon Rouby, Frantzia)
Annecyko zinema-jaialdian aurkeztutako animaziozko filma da. Adama du protagonista, Mendebaldeko Afrikako herrixka urrun batean bizi den 12 urteko mutila. Gau batean, bere anaia Samba desagertu egingo da, eta haren bila abiatuko da: itsasoetatik harago, iparralderantz egingo du, I. Mundu Gerrako bataila frontera.

Allende mi abuelo Allende (Marcia Tambutti, Txile)
Marcia Tambuttik, Salvador Allenderen bilobak, bere sendiaren argazkia egingo du film honetan.  Agintaria mendean hartu zuen estatu-kolpetik 42 urte igaro direnean, galera konponezin baten konplexutasuna erakutsiko du. Film honetan ikusiko da memoriak zer-nolako rola daukan halako familia baten hiru belaunalditan. Canneseko zinema-jaialdian dokumental onenaren L'Oeil d'or saria jaso du.

Comoara / The Treasure, Corneliu Porumboiu (Errumania-Frantzia)
Corneliu Porumboiu komedia beltz gozo batekin dator oraingoan. Aita baten maitasunari esker, altxor baten atzetik aritzeko alferrikako grina maitagarrien ipuin bilakatuko da. Un Certain Talent saria eskuratu du Canneseko zinema-jaialdiaren aurreko edizioan.

Counting (Jem Cohen, AEB)
Bata bestearekin lotutako hamabost atalez osatutako filma da. Munduko hainbat tokitan grabatuta dago, hala nola, Errusian, New Yorken zein Istanbulen. Guztiak batuta, hiri baten sinfoniaren, egunerokoaren eta zinema-saiakeraren arteko lerro sotilari jarraituko dio. Berlineko zinema-jaialdiaren Forum sailean aurkeztutako lan hauxe da, akaso, Jem Cohen egilearen dokumentalik pertsonalenetako bat. Filmak kaleetan hartu dio neurri bizitzari, argiari eta denborari, eta nabarmendu du zer-nolako zaintza eta garapen neurrigabea daukaten hiriek. Baina erakutsiko du, halaber, zer-nolako erresistentzia eta mamuak ageri diren hiriotan, musikaren, animalien eta eguneroko magiaren bidez.

Efterskalv / The Here After, Magnus von Horn (Polonia-Suedia-Frantzia)
Magnus von Horn egilearen lehendabiziko film luzea da hau, Canneseko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztua. Espetxean kondena bete ostean, badirudi Johnen zigorra amaitu dela. Baina berehala ohartuko da hasi besterik ez dela egin bizi beharko duen mina.

Francofonia (Alexander Sokurov, Frantzia-Alemania-Herbehereak)
Parisen 1940. urtean armadak ari dira zibilizazioaren bihotza zapaltzen, biktimak eraginez. Jacques Jaujard eta Franziskus Wolff Metternich kondea orpoz orpo ari dira elkarrekin lanean, Louvre museoko altxorrak babesteko eta gordetzeko. Errealitate horren aurean, Alexander Sokurov-ek bere historia kontatuko du. Artearen eta boterearen arteko harremana aztertuko du: galdetuko du ea zer  esaten ote duen arteak norbere buruaz munduan inoiz izan den gatazkarik suntsitzaileenaren erdian. Veneziako zinema jaialdian aurkeztutako filma da.

Heart of a Dog (Laurie Anderson, AEB)
Laurie Anderson konposatzaile eta artistak maitasuna, heriotza eta lengoaia aztertuko ditu saiakera-film honetan. Zuzendariaren ahotsa presente dago etengabe: bere amaren edota Lolabelle txakurraren kontakizunak, haurtzaroko fantasiak eta teoria politiko-filosofikoak abesti batean zabalduko dira, fluxu etengabe baten tankeran. Filmak Veneziako Zinema Jaialdiko Sail Ofizialean parte hartuko du.

In the Room (Eric Khoo, Hong Kong-Singapur)
Eric Khoo zinemagilearen azken lana mosaiko itxurako istorio bat da, hotel bateko gela batean hainbat hamarkadatan gertatutako kontakizunez osatua. Singapura hoteleko 27. gela ardatz hartuta, sexua da kontakizun guztien ardatza. Hasiera batean, 1940ko hamarkadan, luxuzko eraikina bazen ere, distira eta errespetua galdu ditu hamarkadek aurrera egin ahala. Denbora horretan, 27. gelak, bertako ohean larrua jo zuten eta bertako ateak igaro zituzten pertsonen bidez, gizakiaren ikuspegi guztiak bildu ditu: poza, maitasuna, errukia, krudeltasuna, galdukeria eta berrerospena.

Une jeunesse allemande / A German Youth (Jean-Gabriel Periot, Frantzia-Suitza-Alemania)
Gazte alemaniar erradikalen kronika politikoa egiten du filmak. 1960ko hamarkadaren amaieran  sortu zen Armada Gorriaren Fakzioa, talde armatu iraultzaile alemaniarra, besteak beste Andreas Baader eta Ulrike Meinhof-en gidaritzapean. Berlineko Jaialdiko Panorama Dokumente sailean aurkeztua izan zen.

Jia zhang-ke, um homem de fenyang / Jia Zhangke, a Guy from Fenyang (Walter Salles, Brasil)
Zuzendari txinatar gazte baten erretratua egiten du filmak, garaiko zinemagilerik garrantzitsuenetako bat bilakatuta. Walter Salles-ek zuzendutako dokumental honek memoriaren gaia jorratzen du zineman; indibiduala eta kolektiboa. Jia Zhang-ke jaioterrira itzuliko da, Txina iparraldeko Shanxi probintziara, bere filmak kokatzen dituen inguruetara. Berlineko Jaialdiko Panorama Dokumente sailean aurkeztua izan zen.

Karatsi / Losers (Ivailo Hristov, Bulgaria)
Moskuko zinema jaialdiko sari nagusia irabazi zuen film honek Elena, Koko, Patso eta Gosho ditu protagonista, probintziako hiri bateko institutu bateko ikasleak. Koko Elenarekin maiteminduta dago. Elenak abeslari izan nahi du, eta rock-banda bateko izar ospetsu baten bisitaldiarekin hunkituta dago. Gertakari horrek hiriko bizitza astindu, eta maitasun istorio bat sorraraziko du.

Mariposa (Marco Berger, Argentina)
Tximeleta baten hegal-astintzeak bi errealitate paralelotan zatituko du Rominaren eta Germanen unibertsoa: haietako batean, ezkutuan elkar desio duten neba-arrebak bezala haziko dira; bestean berriz, adiskidetasun bitxi bat duten bi gazte izango dira. 2015eko Sebastiane Latino sariaren irabazlea da filma.

Montanha (Joao Salaviza, Portugal-Frantzia)
Uda beroa izaten ari da Lisboan. David, 14 urteko mutila, aitona noiz hilko zain dago, baina ez du hura ikustera joan nahiko, galera horren beldur baita. Aitonak sortutako hutsunearen ondorioz, etxeko gizon bilakatuko da. Ez dago prest lan hori bere gain hartzeko, baina zenbat eta gehiago saihestu helduaroa, orduan eta helduago ikusiko du bere burua. Veneziako zinema jaialdiko Kritikarien Astean aurkeztutako filma da.

Muntele magic / The Magic Mountain (Anca Damian, Errumania-Frantzia-Polonia)
Anca Damian errealizadorearen azken filmak Crulic aipamen berezia eskuratu zuen Karlovy Varyko zinema jaialdian. Animaziozko dokudrama honek Jacek Winker poloniarraren biografia egiten du: Parisen errefuxiaturik eta mundua aldarazteko grinak astinduta, loturarik gabeko bizimodua izango du.

Psiconautas (Alberto Vazquez eta Pedro Rivero, Espainia)
Birdboy eta Dinki bi nerabe dira, eta hondamendi ekologiko batek astindutako uharte batetik ihes egitea erabakiko dute: Birdboy mundutik isolatuta; Dinki, berriz, bidaia arriskutsu batean abiatuta, Birdboy berarekin joango delakoan.

The Show of Shows: 100 Years of Vaudeville, Circuses and Carnivals (Benedikt Erlingsson, Islandia-Erresuma Batua)
Benedikt Erlingsson, Of Horses and Men filmarekin 2013ko Kutxa-Zuzendari Berrien saria eskuratu zuen zuzendaria da. Ikuskizunik bitxienak, bertutetsuenak eta hunkigarrienak mundu zabalean barrena ibiltzen ziren garaietara eramango ditu ikusleak oraingoan. XIX. eta XX. mendeetako irudi eta metraje bitxiak biltzen ditu filmak: feriak, zirku-ikuskizunak, freak-en emanaldiak, askotariko aldizkariak, music hall-ak eta uda parteko entretenimenduak, guztia ere Sigur Rosen musikarekin lagunduta.

Swap (Remton Zuasola, Filipinak)
Brillante Mendozak ekoitzitako eta Remton Zuasolak zuzendutako film honek aita gazte baten istorioa kontatzen du. Delitu bat konpontzeko beste bat egin beharra tokatuko zaio. Bere seme bakarra bahituta daukate, eta, haren truke, beste haur bat bahitu beharko du.

Aurretik iragarrita zeuden sei filmak (Espainian ekoitzitakoak) honako hauek dira: Un día vi 10.000 elefantes (Alex Guimera eta Juan Pajares); Isla bonita (Fernando Colomo); Mi querida España (Mercedes Moncada); La novia (Paula Ortiz); The Propaganda Game (Alvaro Longoria); eta Duellum film laburra (Tucker Davila Wood).

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.