Wolfgang Amadeus Mozart, Franz Liszt, Henri Duparc eta Giuseppe Verdiren lanekin batera, haien aldean aski ezezagunak diren AEBetako hiru musikagileren lanak emango ditu gaur arratseanLawrence Brownlee estatubatuar tenorrak Viktoria Eugenia antzokian, Giulio Zappa pianista lagun duela: John Carter (1932-1981), Henry Thacker Burleigh (1866-1949)eta Hall Johnsonenak (1888-1970). Hamabostaldiaren Viktoria Eugenia antzokiko zikloaren azkeneko kontzertua izango da Brownlee eta Zapparena.
«Esan beharrik ez dago, begien bistakoa da: afroamerikarra naiz», azaldu zuen atzo eguerdian, irriz eta umore onez, gaurko kontzertuaren aurkezpena egitean, Brownleek. «Kantu horiek [Carter, Thacker Burleigh eta Hall Johnsonenak] oso garrantzitsuak dira nire kulturako edonorentzat, afroamerikarrok etxeetan eta elizetan bizi izan dugun kultura berezi horretako parte baitira, eta horiek ezagutaraztea, niretzat, betebeharra dela iruditzen zait, batez ere ezezagunak diren munduko lekuetan, hemen bezala».
Zappa pianistarentzat, «erronka bat» izan da AEBetako musikagile horien obrak prestatu eta entseatzea, «oso ezberdinak» direlako. «Jotzeko konplikatuak badira ere, entzuleen gustatuko izango direla uste dut. Musika zuzena da, erritmoa daukana, eta oso ondo idatzitakoa».
Publikoarengana heltzeko
Berezitasun hori alde batera utzita, oro har, programa osatzerakoan, «gustuko» dituen kantuak bilatu ditu batez ere Brownleek, horixe izan du irizpide nagusi. «Oso konexioa ona lortzen dut programako kantu guztiekin. Horrek, nire ustez, lagundu egiten du publikoarengana hobeto helarazten. Artista bat gustura sentitzen denean errepertorio batekin, askoz ere errazagoa da publikoarekin enpatia eta harremana lortzea, eta giro berezi bat sortzea».
Emanaldia Mozarten Misero! o Sogno eta Aura che intorno spiri-rekin hasiko dute Brownleek eta Zappak, eta ondoren Franz Liszten Petrarcare hiru sonetoak eta Henri Duparc-en bost kantu emango dituzte, lehen zatia amaitzeko: Chanson triste, Extase, La manoir de Rosemund, Soupir eta Phidylé. Bigarren zatian emango dituzte AEBetako musikagileen lanak, baina Giuseppe Verdiren lau lanen ondoren: Romanzas, Ad una stella, Il Tramonto eta Lo spazzacamino.
Youngstonen 1972an jaioa da Brownlee (Ohio, AEB). Batez ere bel canto-ko errepertorioarekin eman du ezagutzera bere burua tenor gisa. Seattleko Operak urteko artista onena izendatu zuen 2008an, Vincenzo Belliniren Il puritani-ren emanaldian Arturoren rolean egindako lanarengatik. Marian Anderson eta Richard Tucker sariak ere irabazi ditu, besteak beste.
Donostiako 72. Musika Hamabostaldia
Lawrence Brownleek AEBetako obrak emango ditu, ohiko klasikoekin batera
Bere kulturan garrantzi handia duten egileen kantuak hautatu ditu, Mozart, Liszt, Duparc eta Verdirenez gain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu