Musika

Lazkanok, Ordorikak eta 'Zuhainpeko soinuak' proiektuak jasoko dituzte Musika Bulegoa sariak

E.H.M.B.E sari berezia Jazzargia elkarteari emango zaio Jazz uhinak hirian barrena proiektuagatik eta Etxepare Euskal Institutua Musika Saria 2017 Berri Txarrak taldearentzat izango da.

Ruper Ordorikaren 'Guria ostatuan' saritu du, besteak beste, Musika Bulegoak. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Berria
2017ko azaroaren 20a
13:40
Entzun

Hilaren 29an banatuko ditu Musika Bulegoa elkarteak 2017ko sariak, Donostian, Musikeneren egoitzan, egingo duen ekitaldi batean (19:00). Gaur goizean jakinarazi ditu Musika Bulegoak sari horiek zeinentzat izango diren. Ramon Lazkanoren (Festival d´Automne à Paris-Portrait) zuzeneko lanak, Zuhainpeko Soinua -Ahozko transmisioa- ikuskizunak eta Elena Setien (Dreaming of Earthly Things), Juan Ortiz (Winter Tales) eta Ruper Ordorikaren (Guria Ostatuan) azken diskoek jasoko dituzte Musika Bulegoa sariak.

Miren Arzalluz Etxepareko Zuzendariak, Elena Setien musikari sarituak eta Myriam Miranda E.H.M.B.E-ko (Euskal Herriko Musika Bulego Elkartea) presidenteak gaur eman duten prentsaurrekoan, sarien bigarren edizio honetan aurkeztu diren 67 proposamenen artean nabarmendu diren musikari, sortzaile eta interpreteen izenak jakinarazi dituzte.

Honako hauek izan dira epaimahaikideak: Jon Bagués, Eresbil musikaren euskal artxiboko zuzendaria; Aintzane Camara, EHUko Musika Didaktikako irakaslea; Edurne Ormazabal, EITB-ko arlo komertzialeko zuzendaria; Yahve M. De la Cavada, musika kritikaria; Ixiar Uria, musikagintzan aditua; Kistiñe Solano, trikitilaria eta musika irakaslea; Suso Saiz, musikari eta ekoizlea; eta Jose Miguel Lopez, Radio 3 irrati kateeko Discópolis saioko zuzendaria.

Epaimahaiak lana sortu, interpretatu eta ekoizteko jardunari (ikerketa, interpretatzeko teknika, lana konposatzeko teknika, grabazioa eta abar) erreparatu dio nagusiki, eta baita azken emaitzari ere. Horretarako, hainbat balorazio-erreferentzia erabili ditu: berrikuntza, originaltasuna, indarra, potentzialtasuna, sotiltasuna, sentsibilitatea, esperimentazioa, sonoritatea, estilo-estetikak eta artworka, besteak beste. "Ez da lan erraza izan, aurkeztu diren proposamen guztien kalitatea handia izan da eta", azaldu dute. Epaimahaiak aitortu dituen lanak “Euskal Herriko musika esparruan dagoen kalitatearen erakusle bikainak direla” esan du Myriam Mirandak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.