COVID-19 gaitzak eragindako pneumonia baten ondorioz hil da Lee Konitz (Chicago, 1927) saxo jotzaile estatubatuarra, XX. mendeko jazz musikaren izen handienetakoa.
Miles Davisen Birth of The Cool disko aitzindari eta mitikoan parte hartu zuen Konitzek, baina jazzari eta musika inprobisatuari hark egindako ekarpena hori baino askoz zabalagoa izan zen. Ehundik gora disko grabatu zituen bere izenean eta beste hainbat musikarirekin elkarlanean, eta ez zion inoiz utzi saxo altua jotzeari.
Konitzen musika ibilbidea jazzaren aldaketen harira garatu zen. Claude Thornhillen orkestran eman zituen lehen pausoak, baina, New Yorkera aldatuta, 1949an inprobisazio askearen bi lan ezinbestekotan parte hartu zuen, Birth of The Cool-en eta Lennie Tristanoren Crosscurrent e Intuition-en. Cool jazzaren garaia zen, eta, hasieratik, mugimendu berriko parte izan zen Konitz. 1949. urtean bertan bakarlari gisa estreinatu zen, Subconscious-Lee diskoarekin.
[youtube]https://youtu.be/QQMSPEi6WPc[/youtube]
1950eko hamarkadak hainbat proiektutan harrapatu zuen Konitz. Stan Kentonen orkestran jo zuen, Gerry Mulligan eta Warne Marsh saxofoi joleekin hasi zen kolaboratzen, eta jarraitu zuen bakarkako lanak argitaratzen. Proiektu guztietan erakutsi zuen Konitzek formatu ez-ortodoxoak lantzeko joera eta nahia.
[youtube]https://youtu.be/vIyz_jSO_4k[/youtube]
70eko hamarkadatik aurrera, bere bakarkako lanari eman zion lehentasuna, eta ohiz kanpoko erritmo batekin grabatu zituen diskoak. 1974an lau disko argitaratu zituen, beste horrenbeste 1975ean, eta hori izango zen haren lan egiteko modua ia bere ibilbidearen amaierara arte.
2013an, Donostiako Jazzaldian jo zuen, eta jazzaldiaren saria ere jaso zuen.