KULTURA

Legebiltzarrak EAren mozio bat onartu du Praileaitzen babesa bermatzeko

Gehienez bi hilabeteren buruan kobazuloa babesteko dekretu berria onar dezala eskatu diote EAk, PSEk, PPk eta Aralarrek Kultura Sailari.

2012ko martxoaren 1a
18:05
Entzun

Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak Eusko Alkartasunaren mozio bat onartu du gaur Praileaitzeko aztarnategi  arkeologikoaren (Deba, Gipuzkoa) babesa bermatzeko asmoz. Kultura Sailari gehienez bi hilabeteren buruan kobazuloa babesteko dekretu berria onar dezala eskatu diote EAk, PSEk, PPk eta Aralarrek; edo 2007az geroztik indarrean dagoena aldatzeko dekretu baten onarpena ahalbidetzeko prozedura bati ekin diezaiola.

Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak nabarmendu du Legebiltzarreko akordioak Eusko Jaurlaritzari zein Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diela ikerketa bat egin dezatela kobazuloaren tamaina osoa benetan zein den zehazteko, "azken batean, zehatz-mehatz ezagutzen ez dena ezin delako babestu".

Mozioak hirugarren atala ere badu: Kultura Sailari eskatzen dio berehala ekin diezaiola Ondare Kulturalari buruzko Lurralde Plan Sektoriala idazteari, Praileaitz bezala, balio arkeologiko handia duten eremuak babesteari begira.

Otsailaren hasieran bukatu zen Praileaitzeko aztarnategiaren babes eremua handituko lukeen dekretua onartzeko epea, baina Jaurlaritzak ez zuen ezer onartu. Amenabar taldeko Zeleta SL enpresak ustiatzen du Sasiolako harrobia, Praileaitzeko leize-zuloaren ondoan dagoena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak haren alde emaniko epaia aztertu behar zutela arrazoitu zuten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.