Legez kanpoko tango saioak jendetza biltzen ari dira Parisko kaleetan

Modu klandestinoan antolatutako 50 bikote inguruk erakustaldiak egiten dituzte hiriko toki enblematikoetan

Agentziak
Paris
2011ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Modu klandestinoan, eta helbide elektronikoen zerrenden bitartez, legez kanpoko milongak antolatzen ditu paristar talde batek, astean zenbait egunez. Kalean egiten dituzte dantza saioak, Parisko toki enblematikoetan, eta gero eta arrakasta handiagoa dute. Gero eta bikote gehiago animatzen ari dira tangoa dantzatzera, eta gero eta ikusle gehiago biltzen ari dira baimenik ez duten erakustaldi horiekin gozatzera. Garai batean bezala, tangoa erabat boladan dago Parisen berriro ere. Sena ibaiaren ertzetan edota Garnier Opera ospetsuaren aurrealdean. Turistek zein paristarrek edozein tokitan aurkitu ditzakete dantzariak, ustekabean. Eta aurrez ezer iragarri barik dantzan bat-batean hasi diren bezala jaso ditzakete musika ekipoak eta lasterka batean alde egin. Izan ere, kalean dantzatzeko baimenik ez dute, eta poliziak ez du denbora askorik behar izaten bertaratzeko eta saioa eteteko.

Ekimen urratzailea

Hala, milonga saio horiei milegal-ak deitzen diete antolatzaileek beraiek, milonga eta ilegal hitzen arteko jokoa eginez. Ehunka lagun daude helbide elektronikoen zerrenda horietan izena emanda, beren burua Fabrice Ballion eta Tonton Jojo gisa aurkeztu duten antolatzaileek diotenez. Egun bakar bat edota ordu batzuk lehenago zabaltzen dute dantzaldietarako deialdia. Eta adin eta jatorri askotako dantzariek erantzuten diote gonbitari. «Duela bi urte inguru hasi ginenean, hamabost bat bikotek osaturiko taldea ginen, baina pixkanaka jendea animatuz joan da, eta taldea handituz», azaldu du Ballionek.

Egun, 50 bat bikotek parte hartzen dute milonga bakoitzean. Haien artean, 70 urteko emakume italiar bat. Aljeriar jatorriko musikari gazte bat ere badago taldean, baita 40 bat urteko gizon frantses bat ere. Dantzari horren arabera, baimena ez izateak zirraragarriagoak egiten ditu saioak. Gero eta arrakastatsuagoak direnez, antolatzaileek gurago dute ekimenaren izaera urratzailea mantendu, eta baimenik ez eskatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.