Zinema

Lehen aldiz, animazioko film bat lehiatuko da Zinemaldiko Sail Ofizialean

Mamoru Hosodaren Bakemono no ko-rekin batera Urrezko Maskorraren bila lehiatuko diren beste zazpi filmen berri ere eman dute. Irailaren 18tik 26ra bitartean izango da Donostiako Nazioarteko 63. Zinemaldia. Asier Altunaren Amama euskarazko filma ere lehian izango da. 

Mamoru Hosodaren "Bakemono no ko" filma. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Ihintza Elustondo
2015eko abuztuaren 7a
19:27
Entzun

Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztuko diren zortzi filmen berri eman dute gaur antolatzaileek. Besteak beste, Sail Ofizialean emango den aurreneko animazioko filma: Mamoru Hosodaren Bakemono no ko / The Boy And The Beast. Laster jakinaraziko dute zein izango diren Sail Ofiziala osatuko duten gainontzeko pelikulak.

21 nuits avec Pattie / Nights With Pattie (Jean-Marie Larrieu eta Arnaud Larrieu, Frantzia)
Jean-Marie eta Arnaud Larrieu zuzendari frantziarrek emakume baten istorioa kontatuko dute filmean. Carolinek oporraldia etengo du amaren hileta antolatzeko, bat-batean hil baitzaio, Pirinioetako etxean. Ama zaintzen duen emakumearekin, Pattie andrearekin, adiskide egingo da, baina hileta prestatzeko lanak erabat aldatuko dira, halako batean amaren hilotza modu misteriotsuan desagertzen denean.


Bakemono no ko / The Boy And The Beast (Mamoru Hosoda, Japonia)
Mamoru Hosoda anime generoko zinemagileak egindako azken lana izango da Donostiako Zinemaldiaren historian Sail Ofizialean parte hartzen duen animazioko lehenengo filma. Kyuta haur bakartia da, eta Tokion bizi da. Kumatetsu, berriz, alegiazko eta nturaz gaindiko mundu batean bakarturiko haur bat da. Egun batean, Kyutak jauzi egingo du alegiazko mundura, eta Kumatetsu ezagutuko du bertan: bere lagun eta gida espiritual bilakatuko da. Topaketa horrek hamaika abentura eskainiko ditu.

Evolution (Lucile Hadzihalilovic, Frantzia-Belgika-Espainia)
Innocence filmarekin Zuzendari Berrien 2014ko saria eskuratu ostean, Lucile Hadzihalilovic Donostian izango da berriro ere bere azken lanarekin. Han, emakumeak eta nerabeak baino bizi ez diren uharte urrun batean, Nicolas eta beste mutil batzuei medikuntza tratamendu misteriotsu eta makurrak egingo dizkiete.

High-Rise (Ben Wheatley, Erresuma Batua)
Ben Wheatley zuzendari britainiarrak J.G. Ballard idazlearen izen bereko eleberrian oinarritutako lana aurkeztuko du. Robert Lang doktorea apartamentu berri batera joango da bizitzera, anonimotasunaren bila. Baina gainerako bizilagunek ez dute bakean utziko. Bere lekua defenditzen saiatuko bada ere, Langen heziketa ona eta buru osasuna  eraikinarekin batera hondatuko dira.

Moira (Levan Tutberidze, Georgia)
Kostaldeko hiri batean bizi den familia bati buruzko kontakizun dramatikoa da. Espetxetik irten ostean, Mamuka bere sendia pobreziatik ateratzen saiatuko da. Amak atzerrian lan egiten du, aita gurpil aulkian dauka; anaia, berriz, lanik gabe dago, gaizkilez inguraturik. Hori ikusirik, mailegu bat eskatuta arrantzontzi txiki bat erosiko du, baina patua itsua eta gupidagabea dela ohartuko da.

Sparrows (Runar Runarson, Islandia-Danimarka-Korazia)
Ari izeneko 16 urteko nerabearen istorioa da. Ama eta biak Reykjaviken bizi ostean, mendebaldeko fiordo urrunetara joan beharko du bueltan, Gunar aitarengana. Harreman uzkurra izango du han aitarekin, eta txikitako lagunak ere aldatuta ikusiko ditu. Giro etsigarri horretan, Arik bere bidea egiten saiatu beharko du.

Sunset Song (Terence Davies, Erresuma Batua-Luxenburgo)
Gerra Handiaren garaian girotutako kontakizun epiko eta intimista da, itxaropenari, tragediari eta maitasunari buruzkoa. Lewis Grassic Gibbon idazle eskoziarraren eleberriaren egokitzapena da, eta Terence Davies britainiarrak zuzendu du.

Aipatu berri diren filmekin batera lehiatuko dira, Sail Ofizialean, film hauek —Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan eta  Espainian ekoitzitakoak denak—: Amama (Asier Altuna), El apóstata (Federico Veiroj) Un dia perfecte per volar (Marc Recha), Eva no duerme (Pablo Agüero), El rey de La Habana (Agusti Villaronga), Truman (Cesc Gay).

Alex de la Iglesiak Mi gran noche aurkeztuko du, lehiaketatik kanpo. Bestalde, proiekzio berezien atalean, Imanol Uriberen Lejos del mar filma eta Pere Joan Venturaren No estamos solos dokumentala aurkeztuko dira.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.