DURANGOKO 45. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA

Lehen bi lanetako abestiak «biluzi», eta disko akustiko bat kaleratu du Une taldeak

'Une akustikoak eta bestelako uneak' lanean distortsiotik urrun dauden giroak sortu ditu teklatu eta saxofoiarekin

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Kontrasteak musika egiteko baliatzen ditu Unek, eta distortsio eta rock gordinena jorratuta ere, Aitor Uriarte abeslariaren ahotsak melodia lehenesten du. Mutur batetik bestera igarotzeko irrika horretan, beste jauzi bat egin du taldeak: Une akustikoak eta bestelako uneak diskoa (Baga Biga) kaleratu du. Aurreko bi lanetako, hots, Une Nare Eza (Oihuka, 2006) eta Hegalik gabe hegan (Baga-Biga, 2008) diskoetako abestiak «biluzi» dituzte, eta akustikoan eman. Halaber, hiru abesti berri sartu dituzte: Min, Haize orratza eta Gautxori bat leihoan.

Abestiak edozein tokitan eman ahal izateko pentsabidetik etorri zen akustikoaren ideia. «Aurreko diskoaren promozioa egiten genbiltzala, akustikoak inprobisatu egin behar izan genituen. Konturatu ginen musikaren beste alderdi bat zela akustikoa: desberdina eta zaila». Unekoek «erronka» jarri zioten beren buruari. «Kantuak biluztea, eta oinarrira itzultzea». «Azken batean, akustikoan sortzen dira kantuak», Rober Garzia gitarristak dioenez. Bestelako tresnekin eta moldeekin, «izugarri gozatu» dutela azaldu du. Ander Unzagak teklatua jo du Begiak itxita, Haize orratza, Balizko errotak, 4010, Oroimenak eta Itxurak sorginduta abestietan. EtaCharles Cooperrek saxofoia, Begiak itxita eta Gautxori bat leihoan kantuetan. Horregatik, lan berria «desberdina» dela esan du Ritxi Aizpuru Baga-Bigako editoreak. «Ezdezala inork espero distortsioaren mendeko Unerik».

Durangoko Azokako Ahotsenean izango dira hilaren 8an, 13:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.