Durangoko 58. Azoka

Lehengo bidean berretsita

Lehen hiru egunak oso jendetsuak izan dira Durangoko Azokan, eta, atzokoa apalxeago joan bazen ere, behin-behineko balorazio positiboa gailendu da erakusmahaien atzealdean

DA
Larunbata Durangoko 58. Azokako egunik lasaienetako bat izan da. GORKA RUBIO / FOKU
itziar ugarte irizar
Durango
2023ko abenduaren 10a
05:20
Entzun

Durangoko Azokak bide bat hartua zuen pandemiak gurpil bat zulatu zionean, duela hiru urte. Bi urte konplikatu izan ziren hurrengoak, 2020a eta 2021a, eta iazkoa, berriz, «eztanda» agindu eta «eztanda» ekarri zuen urtea. Itzulerakoa. Aurtengoak, egun baten faltan, berretsi egin du itzuleran erakutsitako indar hori, eta bistan geratu da hartua zuen bidera irmo bueltatu dela azoka. Joanmari Larrarte Elkar argitaletxeko kideak esaldi bakarrean bildu du askok izan duten sentsazioa: «Pandemia aurretik izaten genituen azoken tankera hartu du aurtengoak».

Asteazkenean, 58. aldiak ateak ireki zituenean, jendetza ibili zen Landakoren bueltan, eta edizio on baten lehen zantzuak bistaratu zituen horrek. Hurrengo egun biak ere oparo joan ziren —osteguna apalxeago eta ostirala jendez lepo—, eta, atzo, larunbata, poz giro batek hartuak zituen, oro har, erakusmahaien atzealdeak, nahiz eta aurrekoak baino lasaiago igaro zen eguna. 

«Jende asko ibili da, eta ez bakarrik standetan; aurkezpenetan, Ahotsenean, ni izan naizenetan, beti jende asko zegoen, eta horrek esan nahi du oso parte hartzailea izan dela azoka», ospatu du Larrartek, eta alde horretatik ere aurtengo balorazioa «oso positiboa» iruditu zaio. Haren iritziz, azokan «liburu dendetan gertatzen den gauza bera» gertatzen da: batez ere, nobedadek saltzen dira. Hala izan da aurten ere eurenean —Karmele Jaioren Maitasun kapitala, Patxi Zubizarretaren Loak ezkutatzen duena eta Jon Artanoren Juana eskatu dizkiete gehien, besteak beste—, baina funtseko liburuak ere mugitu dira poliki-poliki, eta ezustekoak ere hartu dituzte. Irene Arraratsek euskaratu berri duen Persepolis komikiarekin, adibidez. «Itzulpena kosta egin izan da gure herrian, baina ikusten da jendeak ezagutzen duela liburua, eta harrera ona izan du».

«Azoka irakurleekin aurrez aurre egoteko aukera bakarrenetakoa izaten da. Pozgarria da ikustea segun zer argitaratzen dugun, nola aldatzen den irakurlea». LEIRE LOPEZ Susako editorea

Aurtengo komiki eskaintzatik nabarmendu den beste lan bat Joe Saccoren Palestina izan da, Julen Gabiriak itzuli duena. Astiberri argitaletxeak ekarri du azokara, eta bertako Iñaki Garmendia pozik zegoen atzo jendeak egunotan erakutsi dien jarreraz: «Jende pila bat ibili da, eta saldu ikaragarri». Aurtengo berrikuntzetako bat izan da komiki saltzaile ugari elkartu dituztela, baina ez dute horren eragin handirik sumatu, Garmendiaren esanetan.

Balorazioaz galdeginda, azokak urtero eskaintzen duen beste abagune bat nabarmendu du Leire Lopez Susako editoreak: «Guretzat Durangoko Azoka irakurleekin aurrez aurre egoteko aukera bakarrenetakoa izaten da, ikusteko nork erosten eta irakurtzen dituen gure liburuak; pozgarria da ikustea segun zer argitaratzen dugun, nola aldatzen den irakurlea». Hori esanda, salmentak «oso ondo» joan zaizkiela ere esan du, eta azpimarratu du aurten «oso banatuta» egon dela eurenean salerosketa. «Ez da egon bereziki nabarmendu den ezer, beste urte batzuetan bezala». Haienean ere mugimendua izan da funtseko liburuen artean, eta ospatzekoa da hori, Lopezentzat, «liburuen biziraupena gero eta laburragoa» den sasoi honetan.

Handik hurbil zen Oier Guillan idazle eta aktorea, Ehaze-ren erakusmahaian. Antzerkia saldu, gutxi saltzen dela zioen, eta eurak «erakusleihoa» baliatzera biltzen direla batez ere. «Antzerki liburuak ez dira salmenta mugimenduetan sartzen: gehiago sartzen dira kultur zabalkundeko testuinguru batean. Gurea oholtza da, eta liburua nolabaiteko zubia. Hemen ez gaude ez guztiz oholtzan ez guztiz literaturan. Zirrikitu hori polita da guretzat».

Musikariak ere «gustura»

Urtero daude erakusmahaia lehen aldiz jartzen duten sortzaile eta taldeak azokan, eta, liburuen alorrari lotuta, 1545 argitaletxea izan da aurten estreinakoz stand erdi bat hartu dutenetako bat. Eta egindako apustuarekin «oso pozik» zegoen atzo Xabier Salaberria proiektuko kidea. «Zenbaki batzuk egin genituen, galerarik ez izateko behintzat, eta mahaia ateratzeko baino gehiago atera dugu; beraz, oso pozik». Iaz autoekoizleen plazan izan ziren, askotariko proiektuen artean, eta han eduki ez zuten jendearen hurbiltasuna gozatu dute aurten. Emily Hughesen Basati album ilustratua eskatu diete gehien. 

Intza musikaria ere izan da Landako amaieran, musikaren kaleetan, erakusmahaia estreinakoz jarri dutenen artean, Aheri diskoarekin. Garbi esan du ez dutela aterako «egindako inbertsioa» berdintzeko adina, baina, hala ere, balantze positiboa egin du. «Gure helburua ez zen pila bat saltzea, baizik jendeak gu ezagutzea. Ipad bat jarri dugu, eta jendea entzuten aritu da. Eta gu gustura». Aldamen bietan zeuden Andoni Ollokiegi eta Akaleia, lehen aldiz haiek ere, eta sentsazio bertsuak izan dituztela aipatu du.

«Bigarren egunean, 'a priori' jende gutxi zegoenean, gure salmentak lehen egunekoak baino handiagoak izan ziren. Gauza bitxiak gertatzen dira urtero». ANDRES KAMIOElkar Musikako arduraduna

Azken urteetan, digitalizazioak erroko aldaketa ekarri du musikaren alorrera, eta asko jaitsi da musika modu fisikoan eskuratzeko ohitura. Durangoko Azoka, baina, salbuespena da, eta, oraingoz, mantentzen da mugimendua diskoen salmentan. Egon da kantuak USB batean eskura jarri dituenik —Willis Drummondek, esaterako—, baita kasetean ere —Chill Mafia—, baina CD eta biniloak formatuak gailendu dira, eta, horien inguruan, merchandising-a. Gerediagak iaz ireki zizkion ateak kamisetak, poltsak eta bestelako objektuak saltzeko aukerari, eta stand batzuetan leku handia hartu dute.

Ez da izan Balio Dute eta Mukuru kolektiboen kasua. Erakusmahai erdi bat partekatu dute, eta, denera, 29 talderen lanak izan dituzte salgai; tartean, Gilda taldearena. Bertako Amagoia Aiestaranek ere balorazio ona egin du, eta, besteak beste, giroa nabarmendu du: «Jendea gerturatzen da, galdetzen du, eta giro ona egon da». Zalantza egin du diskoen salmenta ez ote den zerbait «sinboliko» bihurtzen hasi; oraingoz, baina, ez diote saltzeari utzi Durangon.

Hori berretsi du Elkar Musikako Andres Kamio Jitu-k ere. «Ni harrituta nago zenbat jende pasatu den standetik», adierazi du, eta zehaztu eurek aurten gehien saldu dituzten lanak Jon Maiarena, Korrontzirena eta Joxe Ripiauren binilo kutxa izan direla. Funtsa ere mugitu dute, eta pozik Jitu ere horregatik. Iruditu zaio, gainera, «nahiko orekatuta» egon direla salmentak egunez egun. «Bigarren egunean, a priori jende gutxi zegoenean, gure salmentak lehen egunekoak baino handiagoak izan ziren. Gauza bitxiak gertatzen dira azokan urtero».

Gerediagakoek gaur egingo dute balorazio ofiziala; bezperan, azoka arrakastatsu baten irudipena dutela aitortu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.