Santibate eta ihaute
Ihaute garaia berpiztea lortu dute Donibane Garazin aurtengo neguan, santibate, katahotxak edo eske koplen inguruko errito gaurkotua karrikaratuz. Antton Lukuk egin aurkezpen testuan (www.dantzan.com, santibate edo martin beltza gogoan eta libertimendua) ihauteriko bi aurpegiak interpretatu dizkigu. Bat gaua edo neguaren identifikazio, ele libreak islatzen duena. Bestea, udaberria eta eguzkiaren nagusigo etortzekoa, hunen elea araua, jantzien edertasuna eta mugimenduaren koordinazioa delarik. Zirtzila bata, dantzaria bestea. Eta artean, bertsularia, ele librea baina arauan emana, gaua eta egunaren artean dabilen espezie arraroa.
Santibate, zirtzilen gaua zen. Ostatuz-ostatu maska beltzenpean eske, oihu eta dantza iduriko jestuak aireratuz, bertsulari gazteak «gau on bat zuri, etxekandrea...» diolarik. Ondotik tripota jaten bururatu zuten gaua zirtzil banda airosak.
Ihaute igandez aldiz, libertimendua zuten eskaini, garaiaren punto final gisa, argia delako nagusitu aurten ere. Bigarren aldi hau, euria gatik merkatu estalian obratu zen. Arras hurbil eta muntoa senditu dugu jazkoari konparatuz. Garaztar dantzariak lirain, beren urratseri sinestenago eta marken hartzen ari agian. Jokolariak, Lizeotik jalgiak, sekulan bezain bolondros, beren zirtzil rola asumituz untsa, eta ze asmakizunak gaietan, Rachid eta Mulud auto erretzaileen parodian bezala. Bertsulariak ere plazakoago senditu genituen, beren artekoak ongi zuriturik Bil ta Garbi eta ondarkinen pasaian. Aitzineko urtean eskola korrale barneko jokoa zirudienak, plazan ongi kokatzeko bidea hartzen ari du. Ez da arraileriarik gero, zirtzilen fueratzea ez da bakotxarenak eta asto beltxarenak entzun gabe egiten, izan dantza, zirto ala bertsotan !
Komedia
Sorpresa goxoa hartu genuen martxoan : komedia bat, Donazaharren oraikoan, eta Ibarla Pekotxeko sabaian bizi izan ditugun denborak oroitarazi dizkigunak, publikoaren jarreragatik. Gure baitarako maiz diogu baina, emaiten du jendeak sunda baduela aitzinetik jakiteko antzerkira noiz ez etorri eta noiz saldoan etorri, amatxi oseba ttantta eta haur ttipiekin. Azken kasu hau da gertatzen Baionan bizi komediarekin. Jendeak aitzinetik ulertua du irri eginen duela deplauki, eta beren bira triunfaleko plaza guzietan berdin darrai. Hiru Punttu «gaztetuak», partaide gutiz gehienak lehen aldirako taulagaineratzen badira ere, ederki bete du bere egitekoa, rola desberdinak sinesgarri baitzaizkigu. Adibidez moda xaharreko bikotea, dekalajaren eraginez hain maitagarri eta hurbila zaiguna gure zuhaitz genealogikoan. Beren semea, harrigarriki gibelkoitua, eta zoin harrigarrikiago«libratua» bi oren eskasen buruko, hau delarik ekintza dramatikoak zangoz goratuko duen bakarra. Bere ingurukoentzat antzerki hau azaleko oskoletik barneratagoko bidaia egiteko estakurua da, hoditeria guziaren itaxuretarik hasirik eta arka barneko gimnastika lizunetan barna. Estimatzekoa da, idazlearen ahalegina (sufritua berak dionaz) pertsonaia bakoitzari izaera berezia eskaintzerakoan, identifikatzeko parada bat baino gehiago eskainiz behatzaileari. Adibidez, hiru istudiante-alokatzaileen kasuan, bat 68ko neska askeen xanfretaren jabe, bestea, etxekalaba gisakoa baina beti sedukzio erregistroan ibilki, eta mutikoa -gaizoa- gauza praktikoetarako hain malestruka bere kurutzefikatu itxurarekin. Bi joko-zuzendarien lan aipagarria oro dosifikatzean izan da, karikaturara lerratzera ez uzteko, bakoitzaren humanitatea zedin ager. Ez testoak, ez jokoak, ez du bat petzero uzten. Eta denen maitatzera heltzen gira, irri karkailak barne, hain dira denak gureak, taula puskaz eta hodi makurrez egin beren looser dekorrean.
Biba komedia beraz.
Mugaz muga
Azken oparia apiril huntan digute eskaini, Donibane Garaziko lizeoko Antton Lukuren ikasleek, bi orenez Piarres Larzabal osoaren errepaso kritikoa begien bistara ekarriz.
Larzabal monumentu bat da, hemengo antzerki egile eta ikusleen erreferentzi printzipalena. Ehun obra sortu ditu, luze ala laburrak, galdu direnak bestalde. Anttonek diosku horrelako obra bat ezin dela idatzi teoria edo estrategia bat ukan gabe, zerbait erraiteko errabia bat, «bere baitako betizua»-ren metaforaz agertu zaiguna. Tipula xuritzen joan zaizkigu hastapeneko komedietarik abiatuz : ostatuko mozkorti solasak eta beren keinu sexistak. Jostatzeko antzerkia, gaur ere satifazio-hein-batera-heldu-jende-klase batek eskatzen duena. Baina betizua lanean ari da, eta heldu da onartuaren hausteko tenorea, antzerkia egitekoa, hots. Etxahun obra mugarri bezala ezartzen da, batzuren ustez adulterio bat aipatzen delako, Anttonek diolarik hemen dela antzerki pertsonaia bere barne minetik mintzatzen hasten. Ondotik etorriko dira besteak, Bordaxuri, Matalas, Basabeltz, ... Obra horiek zer erakusten dute : pertsonaia batzu, sinesgarriak, maitagarriak, beren sufrikarioan ihaloska, antzerki pertsonaiak oroz gainetik. Minak irriaren estalgiz erakutsiak, edo hala ikusiak. Ezen publikoak irriz hartzen baititu denak, izan drama ala ez, parean dituenak bere herriko mutil eta neskak dituelako, bainan ere bere egun guzietako traholen miraila eszenifikatua duelako ikusten. Hortan da Larzabalen sorgingoa. Sorgingo engaiatua, beti ttipiaren eta zuzenkontra zapalduaren alderdia hartzen baitu, euskaldunaren beregaintasun beharra hor gaindi dabilelarik beti.
Antzerki hunen ontzeko, Antton ibilia da kameraman bat besapean, Larzabalen bidaideen elkarrizketatzen. Agertu muntaian, hauen lekukotasunak tartekatzen dira, Larzabalen antzerki obra ezagunenen pasarte beroenen artetik eta noiz nahi, taulagainean badabiltzan zernahi Larzabal ttipiren ahotik gertatzen ari denari buruzko Anttonen komentarioak entzuten dira ere... Sekulako sorgingoa alafede.
Konplikatu itxura emaiten badu, lekuan berean deus nekerik. Harridura bai, hainbeste mundu, paisaia, drama edo komedien korapilo beroen ikusi eta gozatua izanik. Hari bat baitzen alabaina, galdera bat, buruan buru : idazterakoan, Larzabalen baitako betizu horren errabia zein zen ?
Egiaz, antzerki hau Larzabalen obra guziaren tesia kritiko bat da, eta bere antzerkien irakurtzeko gogoa emaiten badu, gaurko begiz bisitatzekotan izanen da oraingoan. Gure problemetarik bat hori baita, batetik belaunaldi gazteek ez dakitela jadanik zerbait izan denez ere, eta bestetik, zaharragoek orduko denboren nostalgian itzatua dugula jadanik.
Antzerkiak begirada, begiradak antzerkia
Antton Lukuren eskutik bildu antzerki erauntsi hau, bizpahiru gogoeten iturri da. Batetik, bereizteaz bestalde, berritzen dituelako antzerkiaren molde diferenteak : herri antzerkiarena (santibate, libertimendu edo tobera deit daitekeena) eta komediarena (gela antzerkia). Muga formaletik haratago doa, funtsean jokoan dena hitza hartzea dela erakutsiz, plaza hartzearen sentsuan. Zer da memento huntan erran behar dena, erran nahi dudana, jendarte huntan jokoan direnak hobekien erakuts lezazkeena ? Eta ondorioa, nahi ta ez hau da : bil gaiten horren adierazteko gure maneran. Estrategiaz pentsatzea da azken urratsa, gure barneko betizuaz galdezkatzea : zein da hunen sentsua, zein logikak baldintzatzen du honi diodan begirada ?
Futxo, antzerkiak, gauzak aldatu beharrean, haueri buruz dugun begirada aldatzeko egiten dira. Eta antzerki mota hortan dugu landu nahi gure antzerki ohidura, klitxeetarik urrun, proiekzio ethno edo neo-zentristek ez bezala, ahoberokerietarik bezain konplexuetarik aske.
Euskal kulturaz debate frango egiten den garai huntan (Monjolosen eta Baigorrin egin direnak lekuko), hemen agertzen da hau ez dela kontsumitzeko kultura - garagardo frango ez bada -, izaitekotz alter kultura dela, egunero eraikitzekoa, dagoenetik hasirik seurki, bainan deiogun begirada lantzea ahantzi gabe.
A, eta zin egina nuen ez nuela gehiago antzerki iruzkinik eginen. Barnean direnek eginak, iduri baitzeraut so laburrekoak edo interesatuak izan daitezkela. Baina hutsa utzirik ere, ez du nehork lekukoa hartu, eta nahiz eta (beti bezala) oso axal-axalekoa izan eta aipatu gertakariek harrotzen dituzten hauts eta arrabotsek beste zabalerako aipamenik merezi duten, ikusi ondoan sortu gogoeten berri emaiteko emeiarekin ez nindagon gehiago.
Ekintzak hurbiltasuna eskatzen badu, kritikak distantzia hartzen lagundu behar gaitu, biak direlarik begiradaren hezitzaile. Nekeak ditugu horren lortzeko, propaganda eta sedukzioaren mendean baikira eta ez kritikarenean. Eta egileari zaio bien egitea tokatzen ororen buru. Menturaz normala da, giren ttipiarengatik eta kulturan gaur sartzen diren diru metengatik kontsumitzeko logikek botzgoragailu gehiago baitute. Ez gira ohitzen halere.
Bestaldi bat arte.
LEIHATILA. Antzerkiak eta diegun begirada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu