Leiho, ispilu eta esku

Pantailak gaur egungo bizimoduan duen eraginaz gogoeta egiten du 'Pantaila Globala' erakusketak San Telmo museoanKomisarioen proposamenaz gain, jendeak bidalitako 270 bideo lan daude ikusgai

Pantailak gizartean izan duen eraginaren historiari begiratu bat ematen dio Pantaila Globala erakusketak. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Bere forma gero eta ugari eta askotarikoagoetan, pantaila da gaur egun tresna nagusietako bat, nagusia ez bada, mundua ikusteko eta ezagutzeko ez ezik, munduarekin harremanetan jarri eta munduan parte hartzeko ere. Leiho eta ispilu soil izaten hasi, eta esku ere bihurtu baita. Pantailaren historia kontatu eta pantailak azken ehun urteetako bizimoduan eragin dituen aldaketen berri emango dio Pantaila Globala erakusketak irailaren 30era arte Donostiako San Telmo museoa bisitatzen duenari, era askotako pantailen bitartez. San Telmo museoak CCCB Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentroarekin batera ekoitzitako erakusketa hau lau hilabetez CCCB zentroan egon da ikusgai, eta 30.000 bisitari jaso ditu, eta Donostian izan ondoren Monterreyra (Mexiko), Medellinera (Kolonbia) eta Novi Sadera (Serbia) eramango dute. Dubaira eramateko negoziazioak ere hasiak daude.

Gilles Lipovetsky, Jean Serroy eta Andres Hispano komisarioek diseinatu dute erakusketaren ardatz nagusia: pantailaren boterearen alderdi nagusiak erakusten dituen irudi multzoa, eta horien artean mundu osoan ezagun egindako irudiak daude: Titanicen hondoratzeari nahiz 2001eko irailaren 11ko atentatuei buruzkoak; ospe handieneko aktore, politikari, idazle, artista eta kirolarienak;gehien gogoratutako telebista saioak… Baina pantaila «demokratizazio tresna» bihurtu delarik, pantaila «boterea zalantzan jartzen laguntzen duen tresna» izatera iritsia den garaian, ez zen onargarria izango, Gilles Lipovetskyren ustez, pantailari buruzko erakusketa bat egitea hiru komisariok adostutako diseinua jarraituz huts-hutsean, haiei inolako erantzunik emateko aukerarik eskaini gabe. Horregatik, komisarioek proposatutako Eremua-ren ondoan Kontraeremuak daude ikusgai, mundu osoko herrialde askotatik iritsitako bideo-lanez osatuak.

Duela sei hilabete —erakusketa Bartzelonan zabaldu baino lehen— egindako deialdiari erantzunez, 270 bideo lan iritsi dira, komisarioaren planteamenduen erantzun edo elementu osagarri moduan, eta horiek ere ikusgai jarri dituzte. Erakusketaren kontraeremu horretarako bideo lanak bidaltzeko aukera irekia dago oraindik ere, irailaren 5a arte, erakusketaren webgunean. Sariak daude, gainera, bidalitako bideo lanik onenentzat.

Bideo lanak bidaltzeko aukera zabaltzerakoan, jaso zezaketenaren inguruko kezka izan zutela aitortu du Andres Hispanok. Jasotako bideo lanek, ordea, izu hori «gainditzen» lagundu diete, gehienek «espiritu kritikoa» agerian badute ere, inorenganako gutxieneko errespetua urratu gabe eginak direlako guztiak. «1977an, Sex Pistols taldekoak telebistara joatera gonbidatu zituzten lehen aldian, zegoen urgentzia gaindituta dagoela erakusten du horrek», Hispanoren ustez. «Bideo-lanak bidali dituzten gehienak pantailak edonorentzat eskuragarri diren garaian jaioak dira».

Ataria eta zazpi atal

Komisarioek diseinatutako partea, Eremua izenekoa, Izarren inperioa atariarekin hasten da, zinemaren industriak hastapenetik jorratu duen sedukzioaren gaiari begiratuz. Ondoren, zazpi atal edo geldialditan banatutako ibilbidea eskaintzen du: Historia pantaila, unean uneko aktualitatea erakusteko eta historia ilustratzeko balio duten irudiei eskainia; Politika pantaila, pantailak politika egiteko eta politikan eragiteko izan dituen eta dituen moduei eskainia; Kirola pantaila, pantailaren bidezko kirol emanaldiek kirolaren beraren izaeran eta bilakabidean izan duen eraginari buruzkoa; Publizitatea pantaila, publizitatearen bilakabideari eta eraginari buruzkoa; Gehiegitasun pantaila, lau arlotako muturreko irudiei eskainia: izua, sexua, indarkeria eta abiadura; Zaintza pantaila, pantailak zaintzaren arloan duen eraginari buruzkoa; eta Jokoa pantaila, pantaila bidezko jolasei eskainitako jolasgunea.

Informazio gehiago bildu edo erakusketa birtuala bisitatzeko: http://pantallaglobal.cccb.org/es/exposicio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.