Eeuskal Herriko, Kataluniako eta Espainiako musikari batzuk biltzen dituen kolektiboa da Fundacion Robo. Joseba Irazoki, Karlos Osinaga (Lisabo) eta Roberto Herreros (Grande-Marlaska, Ladinamo) izan ziren bultzatzaileak. «M-15 mugimenduak eragindako astindu politikoak akuilatuta, saiatu ginen beste era bateko hitzak idazteko aukera emango zigun gune bat sortzen», azaldu du Herrerosek. «Leihoa irekitzeak eta kanpoan gertatzen denari erreparatzeak eramaten zaitu beste molde horretako hitzak idaztera». Eta kanpora begiratze horren helburua, kolektiboarena alegia, «frustrazioa energia politikoa bihurtzea» da. Horretarako, abestiak sarean ezarriz joan dira azken urtean. Bertsioak, egokitzapenak, kolaborazioak... «Unean-unean sortutakoa, edozer. Baina egitasmoaren filosofiarekin bat egiten duena, noski». Eta bildutako uzta disko bikoitz batean eta DVD batean kaleratuko dute, hori finantzatzeko finantzaketa kolektiboa edo crowdfunding-a erabiliz. «Gurearen gisako proiektu batentzat modu egokiena iruditu zitzaigun. Finantzaketa bideak eta kolektiboaren ideiak lotura zuzena dutela uste dugu».
Anari, Albert Pla, Mursego, Giorgio Bassmatti, Nacho Vegas, Grupo de Expertos Solynieve eta Wild Honey musikari eta taldeak biltzen ditu, besteak beste. «Gure balorazioa oso positiboa da. Jende pilo bat elkartu gara, diferenteak denak, denon artean zerbait egiteko asmoarekin, eta hori urrats garrantzitsua da», nabarmendu du Herrerosek. «Gune irekia» da, eta «molde guztietako artistek» parte har dezakete.«Edozeinek bidal diezaguke abesti bat, eta proiektuaren filosofiarekin bateragarria dela iruditzen baldin bazaigu, gure web orrian agertuko da (www.fundacionrobo.org), beste edozein ekarpen bezala».
Ekarpen horiek disko bikoitz batean eta DVD batean bilduko dituzte. Argitalpena ahalbidetuko duen finantzaketa kolektiboa martxan jartzeko, Goteo atari espezializatua baliatu dute Robo-koek. Egin daitezkeen ekarpen ekonomikoak zazpi mailatan banatu dituzte. 5, 10, 25, 40, 50, 90 eta 900 euroko ekarpenak egin daitezke. 5 euro jartzen dituenaren izena, esaterako, Roboren web orriko esker oneko izenen zerrendan agertuko da. 25 euroko ekarpena egiten duenari DVDa eta diskoak emango zaizkio, eta 40 euro ematen dituenari, berriz, kamiseta bidaliko diote etxera, gainera. Aipatutako guztiaz gain, Roboren urteurreneko kontzertua lehen lerroan ikusteko eskubidea dauka, besteak beste, 90 euro ematen dituenak. Eta 900 euro ematen dituenari Roboko kide batzuek «kontzertu pribatua» eskainiko diote, disko, DVD eta bestelako materialaz gain.
Roboren crowdfunding kanpainaren lehen fasea —Goteok 40 eguneko bi epe jartzen ditu— laster amaituko da. Uztailaren 7a bitartean 8.255 euro biltzea litzateke «egokiena» haientzat, baina aurrera jarraitu ahal izateko «gutxienekoa» 7.850 euro dira. Oraingoz, disko bikoitza eta DVDa ateratzeko behar duten diruaren %65 bildu dute, 144 diru ekarpen guztira. Halere, behar duten dirua ez bilduta ere, diskoa kaleratuko dute. «Soilagoa izango litzateke edizioa, kopia gutxiago egingo genituzke, baina bai diskoak eta bai DVDa kaleratuko ditugu».
Kontsumitzaileen irtenbidea
Robokoek finantzaketa kolektiboaren aldeko apustua egin dute, baina, Herrerosen ustez, bide hori ez da «oso diferentea» merkatuarekin alderatuta: «Horrek ez du ez merkatuaz ez crowdfunding-az ezer txarrik esaten. Kontsumitzaileen erabakitzeko eskubideak ahalbidetzen duen irtenbide bat da». Baina iruditzen zaio «ekinbide sinpatikoei» edo «mediatikoki oihartzuna dutenei» ematen diela abantaila, eta «ilunagoak eta astunagoak» baztertzen dituela. Era berean, pentsatzen du diru laguntza eta finantzaketa eredu tradizionalak «diskriminatzaileak» direla txiroenekin. Baina zera dio, segidan: «Uste dut Interneten zentratutako sistema berriak are diskriminatzaileagoak direla. Izan ere, zabaltze eta sustatze kode elitistak dira nagusi. Ikasketak dituzten eta nolabaiteko erosahalmena duten gazteek dominatzen dute». Gainera, iruditzen zaio ez dela irtenbide erabatekoa. «Diru eskean txapela pasatzea eta merkatua ez baldin baziren, crowdfunding-ak ez dauka zertan. Izango da proiektu jakin batzuetarako, eta hori ondo dago». Eta badaki ez dela «berritasun» bat. «Extremodurok halaxe atera zuen disko bat bere garaian». Robokoek ere bide bera aukeratu dute, beren filosofiarentzat «egokiena» delakoan. Leihoak irekita, eta kanpora begiratuta.
Leihoa ireki, eta kanpora begiratu
«Frustrazioa energia politikoa bihurtzeko», Fundacion Robo kolektiboak finantzaketa kolektiboarekin finantzatu nahi ditu disko bikoitz bat eta DVD bat, beren filosofiarentzat «modu egokiena» delakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu